Udaran ere gorputza astinduz

Uztailean eta abuztuan ikastaroak eskaintzen dituzte hiriko kirol elkarteek

Irungo Udalaren UDA programan txertatuta daude hiriko hogei bat kirol elkarteren udako ikastaroak. Uztailean eta abuztuan zehar, kirol ezberdinak probatzeko aukera eskaintzen diete irundar gazteenei. “Guretzat oso garrantzitsua da programa, udaran aisiari eta dibertsioari dagokionez egon daitekeen hutsunea estaltzen duelako”, azaldu du Pedro Alegre udaleko Kirola arloko ordezkariak: “Oso eskertuta gaude familiekin, eta ikastaroak antolatzen dituzten elkarteekin”.

UDA programan parte hartzen duten haur askok, urtean zehar burutzen ez dituzten kirolak probatzeko baliatzen dute aukera. Horixe gertatzen da, esate baterako, Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak antolatzen dituen Atletismo Udalekuetan. Ibon Muñoz klubeko kirol zuzendariak baieztatu du udaran Plaiaundin aritzen diren haur gehienak sekula atletismoan ibili gabeak izaten direla. Eta ondoren ere, gutxi direla ikasturtean zehar atletismoan jarraitzeko izena ematen dutenak: “Duela lau urte formatu honekin hasi ginenean, ez genuen helburu hori. Gehien bat, eskualdeko gurasoek udaran izaten duten beharrari erantzutea zen gure asmoa. Bide batez, kirola ezagutarazteko modua da, baina aurrerago ikusiko ditugu harrapatzen ditugun edo ez”.

“Gehien bat, eskualdeko gurasoek udaran izaten duten beharrari erantzutea zen gure asmoa”
Ibon Muñoz, Super Amara BATeko kirol zuzendaria

Atletismo Udalekuen arrakasta zalantzaezina da, hala ere. Iaz 175 izen-emate eduki zituzten, eta aurten 280tik gora. “Ez dugu atletismoa soilik lantzen askotariko kirolak baizik”, nabarmendu du Muñozek: “Atletismoa ere, jolas moduan planteatzen dugu”. Gainera, astean behin Plaiaunditik ateratzen dira, pala, erraketa edo igeriketa egitera. Bi aukera eskaintzen ditu BATek, 8:30etatik 13:30etara artekoa, edo 15:30etara artekoa bestela, Singular Iñigo Lavado jatetxean bazkaltzeko aukerarekin. Udara osoan zehar, astez-aste izena emateko aukera dago.

Errugbia ingelesez

Ordutegi berdinak eskaintzen ditu Plaiaundiko bizilagunak, Txingudi Errugbi Taldeak. Eskaintza berezia da, baina, haiena. Summer Camp izena jarri diote, ingelesezko ikastaroa baita. “Ingelesa praktikatzeko aukera eskaintzen dugun bakarrak gara Irunen. Badira, akademiak, baina kirol elkarteak ez”, argudiatu du Iñigo Aizpurua Txingudi Errugbi Elkarteko kideak: “Australiako mutil bat daukagu elkartean, proposamena egin zigun, eta aukera aprobetxatu beharra zegoela pentsatu genuen”. Eskaintzak harrera ona izan du, aurreko urteekin alderatuta, asko handitu dituztelako parte hartzaileen kopuruak. Astero 20-25 haur edukitzen dituztela baieztatu du Aizpuruak.

“Jende askok beldurra izaten dio errugbiari, eta udakoa aukera ona izaten da beldur hori galtzeko”
Iñigo Aizpurua, Txingudi Errugbi Elkarteko kidea

Super Amara BATen kasuan ez bezala, errugbian aritzera animatuko diren gaztetxoak erakartzea da Txingudi elkartearen helburua. Horretarako, udako ikastaroak errugbiaren benetako izaera ezagutarazteko balio duela aipatu du Aizpuruak: “Jende askok beldurra izaten dio errugbiari, eta udakoa aukera ona izaten da beldur hori galtzeko”. Jolas kooperatiboak eta talde kirolak lantzen dituzte, eta egunero, errugbi pixka bat egiten dute. Udaran Plaiaundin dabiltzan haur batzuek, datorren urtean errugbian jokatzeko asmoa dutela aurreratu diete dagoeneko.

Atalak: Informazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude