Topagune irekia du Irungo arteak

Marte sorkuntza laborategia martxan jarri dute Ainara Oskoz eta Miren Gonzalez Goikoetxea artista plastikoek

Jakin-minez hartu dute Larreaundiko bizilagunek Marte sorkuntza laborategiaren irekiera. “Zer saltzen duzue?” galdetu izan dietela aipatu du Miren Gonzalez Goikoetxea margolariak (Tolosa, 1973) . Ainara Oskoz artista plastikoarekin (Irun, 1976) elkarbanatzen du Marteko estudioa. Hori baino gehiago eskaini nahi izan dute, hala ere: artearen topagune bat, hiritarrentzako irekia izango dena. Tailerrak antolatu dituzte urtarrilaz geroztik, eta udaran ere, jardueraz beteta egongo da lokala.

Irunen bertan dagoen Bitamine faktorian ezagutu zuten elkar. Ordurako, urtetako ibilbidea burutua zuten, artearen munduan. Lan egiteko moduan, eta artea ulertzeko filosofian bat egiten zutela konturatu ziren. Horiek horrela, indarrak elkartzea erabaki zuten. Buruan zeukatena aurrera eramateko egokia izan zitekeen lokala topatu zuten Larreaundi auzoan. Argitsua da, beirate zabalak baititu. Bi alde ditu, horma batez bananduak, baina ate batez konektatuak. “Atea beti dago zabalik. Etortzen diren guztiek ikusten dute nola egiten dugun lan. Aberastasun handia ematen du horrek”, adierazi du Oskozek.

Alde batetik, “kobazuloa” dagoela aipatu du Gonzalez Goikoetxeak: “Gu egoten gara bertan, gure lanak sortzen”. Collage-aren inguruan lanean ari da, momentu honetan, margolaria. Ainara Oskozek, aldiz, erretratuarekin dihardu. Serieka lan egin ohi dute biek, eta denbora luzea eman dezakete horietako bakoitzarekin. Artea esperimentazio gisa ulertzea da batzen dituen beste puntu nagusia. “Batzuek pentsatzen dute ideiak besterik gabe etortzen zaizkigula, eta ez da horrela, koadro batek edo eskultura batek, ibilbide luze bat daukate”, azaldu du Oskozek.

“Leku plurala sortu nahi dugu, eta mugimendua eragin, sorkuntzaren inguruan”
Miren Gonzalez Goikoetxea

Kobazulora heldu aurretik, ordea, kanpora begira eratutako espazioa dago. “Leku plurala sortu nahi dugu, eta mugimendua eragin, sorkuntzaren inguruan”, aipatu du Miren Gonzalez Goikoetxeak. Horretarako, tailerrak eta ikastaro bereziak antolatu dituzte. Ekainean amaitu dira ikasturte osoko ikastaroak. Ostiralero haurrei zuzenduta egin dutena, eta Familia Tailerra, hilean behin burutu duten egitasmo berezia. Azken horren helburuen berri eman du Gonzalez Goikoetxeak: “Familiako kideak sorkuntzarekin inguruan elkarrekin lan egiten jartzea, alde batetik. Bestetik, euskara sustatzea, Irunen ikusten dugun hutsune handi bat baita”.

Uda bizia edukiko dute

Udaran zehar, haurrentzako tailer artistiko bat burutzen ari dira, astelehenetik ostiralera, 9:30etatik 13:00era. 3-12 urte arteko haurrei zuzenduta dago, eta astero gai ezberdin bat lantzen dute. Astez-aste izena emateko aukera dago. “Ludikoagoa izango da udarako martxa. Indioen astea egingo dugu, adibidez. Dendak eraiki eta kalean jarriko ditugu, jostailuak egingo ditugu etab.”, jakinarazi du Oskozek. Ez dituzte haurrak adinen arabera banatuko, interesgarria iruditzen zaielako adin ezberdinekoen arteko hartu-emana. “Etortzen den jendearen arabera, moldatu egingo gara. Asko izaten du inprobisaziotik”, aitortu du Oskozek.

Emaitza ez da garrantzitsuena, bidean ikasten dena baizik”
Ainara Oskoz

Tailerretan, haien filosofia zabaltzea izaten da Marteko arduradunen ahalegin handienetako bat. Ainara Oskozek azaldu du: “Batez ere, emaitza ez dela garrantzitsuena, bidean ikasten denak baizik. Gu ez gara inor haur bati ondo edo gaizki margotzen duen esateko”. Orokorrean, haurrek filosofia ondo barneratzen dutela baieztatu dute. Gehien kostatzen zaiena da onartzea ez dituztela Marten egindako lanak etxera eramango. “Gauzak elkarlanean egiten saiatzen gara, inork ez du ezer etxera eramaten. Denon artean egindako gauzak izaten dira, eta hemen geratzen dira, tailerrean”, argudiatu du Miren Gonzalez Goikoetxeak. Batzuetan, gurasoekin izaten dituzte zailtasunik handienak. Goikoetxeak berak azaldu du: “Oso barneratuta dugu emaitzaren kultura. Gurasoek segituan galdetzen diete haurrei, ea zer egin duten. Hori izan da gure hezkuntza. Haurra pozik atera baldin bada, zer gehiago nahi duzu?”

Lokalaren kanpoaldean haien aztarnak utzi izan dituzte maiz: gauzak zuhaitzetatik zintzilikatu, muralak egin etab. Orain arte ez dute inolako arazorik eduki Larreaundiko bizilagunekin. Are gehiago, baikorrak izan dira jaso dituzten mezu guztiak. “Uste dut jendeari asko gustatzen zaiola kalean bizitzeko ohitura hori, galduz doana, berreskuratzea. Poztu egiten da jendea, bizitza ikusiz”, adierazi du Gonzalez Goikoetxeak. Lokaletik oso gertu Mentxu Gal aretoa dagoela baliatuta, txangoak ere egin izan dituzte haurrekin, beste artisten lanak ikustera. Birziklatzeko moduko materialaren bila ere irteten dira maiz. “Harrigarria da zenbat gauza botatzen ditugun gaur egun, bigarren aukera bat merezi dutenak”, aipatu du Oskozek.

Kulturtruk proiektuan parte hartzen dute

Extramartes izenpean, beste zenbait lan ildo biltzen dituzte Marteko arduradunek: aldi baterako ikastaroak emateko artistak gonbidatzea, eskoletan tailerrak ematea, eta Kulturtruk proiektua, adibidez. Azken horren berri eman du Miren Gonzalez Goikoetxeak: “Duela bizpahiru urte sortu genuen. Artista talde bat gara, eta gure artean lanak elkar-trukatzen ditugu”. Proiektu horri esker, Marteko hirugarren kide bilakatu da Jone Gonzalez. “Lan egiteko leku bat utzi diogu, eta berak komunikazioan laguntzen digu. Laguntza handia da guretzat, eskapatu egiten zaigulako”, azaldu du Gonzalez Goikoetxeak.

Arte Ederretan ikasketak egin zituen Gonzalezek, baina lan merkatuan murgiltzean, artearen mundutik desbideratu egin zen. Hamar urtez programatzaile lanean ibili da, web guneak egiten. Orain, Kulturtruk proiektuari eta Marte sorkuntza laborategiari esker, artearen norabidea hartu du berriro: “Lokartuta zegoen aldea berpiztu dit aukera honek. Nik proiektuan sinisten dut, eta oso polita izaten ari da horretan laguntzea”.

Atalak: Informazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude