San Joan bezperako gaua eta udako solstizioa

“Sorginak eta aztiak gure
artean beude!
Sugeak eta apoak erre, erre!”
Udako solstizioa urtearen egituran
Gure arbaso zaharren kosmogonian urtea bitan banatzen zuten, alde batetik uda eta beste aldetik negua. Urtea, bere izenak esaten digun bezala (ur + te), ur edo eurien kopurua eta maiztasuna banatzeko denboraldi luze eta errepikakorra zen, hau da, eurien zikloa.

SAN JOAN15 (1)
Uda eta neguaren arteko banatzaileak solstizioak eta ekinozioak ziren. Abenduaren 21-22an, neguko solstizioarekin batera, negua hasten da, eta martxoaren 21ean, udaberriko ekinozioarekin, bukatzen da. Neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denboraldiari euskaldunok negua, inauteria edo hartzaroa deitu diogu, garai horretan amalurra lotan baitago, eta gure mendietako hartza neguloan edo hibernazioan. Baina udaberriko ekinozioa iristean, hartzarekin batera, amalurra esnatuko da, indarrik gabe izen den Eki edo Eguzki (euskaldunontzat bizi-tzaren jainkosa) berpiztuko da, uztak azalduko dira eta gizakiaren bizimodua lur azalean izanen da, aisagoa, errazagoa, neguko leize-zuloen babesa, behin-behinekoz baztertuta.
Udaberriko ekinozioa den martxoaren 21etik neguko solstizioa den abenduaren 21a arte uda izanen da. Halaber, uda edo udara hiru zatitan banatzen da: udaberria, udagoiena eta udazkena. Udaberriko ekinozioa den martxoaren 21etik udako solstizioa den ekaineko 21a arte udaberria daukagu, ekainaren 21etik udazkeneko ekinozioa den irailaren 22a arte udagoiena, eta irailaren 22tik neguko solstizioa den abenduaren 21a arte udazkena. Abenduaren 21ean uda bukatzen da gure arbasoen kosmogonia zaharrean eta, berriro, negua hasten da; eta horrela betidanik eta betirako etengabeko ziklo natural batean sarturik.
San Joanetan, udako solstizioaren banatzailean gaude bete-betean. 21-22an betetzen bada ere, europar tradizio zaharrak 23ko gauarekin, hau da, San Joan gauarekin, lotu du oso garai zaharretatik. Euskal tradizio zaharretan esaten denez, San Joanetan eguzkiak ortziko edo zeruko goia jotzen omen du, edo beste modu batean esanda, euskaldunontzat bizitzaren jainkosa den Ekik osotasuna sinbolizatzen duen Ortzi dibinitatearen teilatu gaina ukitzen du.
Zenbait adituren ustez, ekaina hilabetearen izenak horren berri garbia emanen liguke: Ekaina = Eki + gaina, hau da, Ekik zeruko gaina ukitzen duen momentu edo tenorea.
San Joan bezperako su magikoa
Euskaldunon kosmogonia zaharrean, beste kosmogonia naturalista-animistetan gertatu den bezalaxe, oinarrizko lau elementuak diren ura, sua, lurra eta haizearen berri ematen digun sinbologiak eremu handia hartu du.
Gogora dezagun urtea bitan banatzen dela: negua eta uda. Negua hotzarekin, ilunarekin, loarekin eta euskaldunontzat heriotzaren jainkosa zen Ilargi edo Ilazkirekin lotuta zegoen; eta uda, berriz, beroarekin, argiarekin, uztekin, ernaltzearekin eta euskaldunontzat bizitzaren jainkosa zen Eki edo Eguzkirekin lotuta.
Solstizioetan eta ekinozioetan, hau da, sasoi batetik bestera pasatzeko egunetan, gure arbasoek oinarrizko sinbologian azaltzen diren lau elementu horietaz baliatzen ziren, uraz eta suaz, gehienbat, zenbait errito magikoren bidez sasoi batetik besterako bideak bedeinkatzeko eta errazteko. San Joanen inguruko egunek udaberritik udagoienerako pausoa ahalbideratzen dute,edo, beste modu batean esanda, Eguzki-begi gorenaren garaira doan bidea prestatzen digute. Normala da, beraz, suaz balia-tzea biziaren momenturik gorienak adierazteko. Baina ez dezagun ahantz negua Olen-tzeroren inguruan, hau da, neguko solstizioaren inguruan, Olentzero enborra piztuz hasten zela Euskal Herriko bazter aunitzetan. Sua erabiltzen da neguko solstiziorako, baita udako solstiziorako ere.
Sua garbitzailea da, eta horixe da bere esanahirik zabalduena. Suak amaiera ematen dio garai bati eta hasiera beste berri bati, eta horretarako aurreko garaian eduki ditugun oztopoak, ezbeharrak, etsaiak eta abar gaindituta errazago eginen zaigu garai berri zoriontsuago batera igarotzea. Gogora ekar dezagun horretarako herri askotan erabiltzen den azti-hitz jokoa:
“San Joan, nik ez daukat besterik gogoan, bi arraultza kolkoan, beste bi gehiago altzoan. Artoak eta gariak gorde, gorde! Sorginak eta aztiak / gure artean beude! Sugeak eta apoak erre, erre!”
Udako solstizioarekin loturiko ohitura eta erritoak
San Joan gauean, onena da gure etxetik hurbilen pizten den su-metara hurbiltzea, eta ahal izanez gero, bere inguruan, bertan bilduta dauden beste guztiekin batera dantzatzea, eta, ausartuz gero, jauziren bat egitea suaren gainetik, suak eraman ditzan berekin urtean gertatu zaizkigun gauza txar guztiak eta gure etsaiengandik libra gaitzan: To sua, / zaharra eraman tzan! / eta berria ekar tzan! Irunen, Euskal Herriko herri guztietan bezalaxe, San Joan zuhaitza jartzen da plazan eta bere inguruan zortziko errituala dantzatzen da. Ondoren su-metak Irungo auzo guztietan azaltzen dira. Horixe da erritoaren unerik gorena, su garbitzaileak etsaiez, ezbeharrez eta zorte txarraz askatzen gaituen une zehatza.
Bestalde, ez dugu ahantzi behar gure ateburuetan edota ate nagusiaren bi aldeetan, lizar aldaxka bana jartzen, euskaldunon zuhaitz magikoak gure etxea eta bertan bizi garen guztiok babes gaitzan. Izan bedi ekibegia gurekin San Joan bezperako gau magikoan, euskaldunon akelarre handian!

Joseba Aurkenerena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude