Prest dago Uranzu frontoiaren eraberritze proiektua

Urte amaierara arte luzatu daiteke lanei ekin arteko prozesua

Uranzu pilotalekuaren eraberritze proiektua aurkeztu du Irungo Udaleko Lan eta Bide arloak. 4,5 miloi euroko aurrekontua izango dute lanek, eta 16 hilabeteko epea edukiko du aurrera eramango dituen enpresak. Obra lehiaketara ateratzeko, ordea, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun sailaren baimena behar du udalak. Jasotzen duenean, 4-5 hilabeteko iraupena izango du esleipen prozesuak. Hortaz, urte amaierara arte luzatu daiteke, gutxienez, makinak Uranzu pilotalekuan ikusteko unea.

4.163,23 metro koadroko azpiegitura izango da frontoia, eta hiru solairu edukiko ditu. Eraikin bakarra izango da, frontoi txikia ere barne hartuko baitu. “Pilotalekua baino gehiago izango da, balio anitzeko azpiegitura”, baieztatu du Cristina Laborda Lan eta Bide arloko ordezkariak. Frontisa eta ezker pareta mantenduko dituzte, baina gainerako elementu guztiak hutsetik eraikiko dituzte. Ikusleentzako sarrera nagusia Sarjia parkean egongo da, eta gainerako solairuetara igotzeko edo jaisteko eskailerak eta igogailuak edukiko dituzte erabiltzaileek eskura. Sarrera diseinatzerakoan, genero ikuspegia kontuan hartu dutela aipatu du Labordak, puntu beltzak ezabatuz. Junkal kalean beste sarrera bat egongo da, hala ere, jokalarientzat eta epaileentzat, besteak beste.

Pilota partidetan izango ditu eserleku gehien Uranzuk. 727ra helduko da, jaso daitezkeen harmailak edukiko baititu. “Frontoi profesionala izango da, goi mailako partidak hartzeko aukera emango duena”, adierazi du Labordak. Eskubaloi partidetan txikiagoa izango da edukiera. Kantxaren azalera, harmailak jasota, 19,85x43koa izango da. Harmailak, aldagelak, komunak eta biltegiak ere egongo dira. Frontoi txikiak bere funtzioa betetzen jarraituko du, baina bigarren solairu bat edukiko du. Bertan, balio anitzeko hiru areto egongo dira. Horietako baten erabiltzailea aurreikusia du udalak. Labordak baieztatu du: “Kemen Dantza Taldea lekualdatzeko konpromisoa dugu”.

Pilotalekuaren eraberritzea lantzeko, azpiegiturako erabiltzaile nagusi izango diren Kurpil Kirolak, C.D.Bidasoa eta Halterofilia Irun elkarteekin bildu izan direla adierazi du Labordak. Alde Zaharreko Auzo Elkartearekin eta Irungo Hiritar Foroarekin ere egon dira, proiektua gizarteratze aldera. Helburu hori edukiko du, hain zuzen ere, datozen asteetan aurrera eramango duten ekimenak. Totem batzuk erabilita, pilotalekuaren eraberritzeari buruzko erakusketa jarriko dute Urdanibia plazan. Sanmartzialen ondoren, hiriko beste puntu batzuetara eramango dute.

Atalak: Informazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude