Kirola eta euskara, atseginez

Urrian ekingo diete lehen hezkuntzako haurrek eskolaz kanpoko jarduerei. Ia guraso guztiek bidaliko dituzte kirola egitera, hizkuntzak ikastera edo formazio musikal edo artistikoa jasotzera, besteak beste. Haur batzuk ilusioz eta ikasteko gogoz joango dira. Beste batzuk, arratsalde pasa besterik ez. Baina gehienek bizitza osoan gogoratuko dituzte jarduera horietako bizipenak. Eskola Kirola da, urtero, arrakasta gehien duenetako bat. 581 neska-mutil aritu ziren joan den urtean, 45 taldetan banatuta.

EskolaKirola

Eskolan geldituko dira haurrak astean bi aldiz, klaseak amaitu ondoren. Ordubeteko entrenamendua izango dute. Eskubaloia, saskibaloia edo futbola landuko dituzte, hogeita hamahiru monitoreren eskutik. Iñaki Iturrioz Irungo Udaleko kirol teknikariak baieztatu du monitoreak “kualifikatuak” direla: “Esperientzia dute, badakite zertan ari diren. Talde lana, elkartasuna, kiroltasuna eta bestelako baloreak helaraziko dizkiete haurrei”. Modu atseginean landuko dituzte kirolak, haurrak gustura aritu daitezen. “Bizitza aktiboaren eta kirola egitearen onurak barnera ditzaten nahi genuke. Bizitza osorako balio dezakeen oinarria izan daiteke”, adierazi du Pedro Alegre Kirol Arloko ordezkariak.
Eskubaloia, saskibaloia eta futbola izango dira kirol nagusiak. Hiruhileko bakoitzean bana landuko dute. Bestelako lan saioak ere egingo dituzte noizbehinka, erraketa kirolak, atletismoa, igeriketa, pilota edo errugbia ezagutzeko. Astean bi entrenamendu izango dira, eta larunbat goizetan partidak jokatuko dituzte. Pedro Alegrek azpimarratu nahi izan du ez dutela lehiakortasuna bultzatuko. Kirola egiteko ohitura ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin bat egin du Irungo Udalak. Ondorioz, mugikortasun murriztua duten neska-mutilek ere kirola egiteko aukera izango dute. “Denek aukera berberak eduki behar lituzkete”, nabarmendu du Alegrek. Dei berezia egin diete neskei, gutxiengo baitira oraindik ere. 5. eta 6. mailako taldeetan, bereziki, behera egiten du nesken kopuruak. “Neskak eta haien familiak animatu nahi ditugu”, azpimarratu du Josune Gomez Euskara Arloko ordezkariak.
Euskara lantzeko eremu aproposa da
Euskara sustatzea da Eskola Kirolaren beste helburu nagusia. Euskara da programako jarduera guztien hizkuntza. Horretarako, monitoreen lana gakoa dela gogoratu du Iban Eguzkitza euskara teknikariak: “Begiraleek aurrekin euskaraz egiten dute, eta haien artean ere bai”. Azken urteotan ezagutza handitu bada ere, erabilerari dagokionez erronka handia du oraindik Irunek. Zentzu horretan, haurren artean erabilera zabaltzeko, komeni da euskara eta aisialdiko ekintzak lotzea. “Eremu akademikotik kanpoko erabilera sustatzea ezinbestekoa da. Kirolak, esaterako, euskara gozatzeko aukera aproposa ematen du”, aipatu du Josune Gomezek.
Irungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioa jasotzen du Eskola Kirola programak. Hala ere, parte hartzaileen kuotak behar ditu sostengatzeko. Prezio orokorra 121 eurokoa da. Dena den, aurten, 30 euroko kuota berezia ordaindu ahal izango dute DBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten gurasoek. Erabakia aurrekontu parte hartzaileetako proposamen bati erantzunez hartu dutela aitortu du Pedro Alegrek: “Horrelako programei begira, oso diru-sarrera txikiak dituztenentzat laguntza bereziak eskaintzeko eskatu zuen proposamen batek”. Ordainketa bitan banatzeko aukera dago, gainera. Lehena urrian egin daiteke, eta bigarrena urtarrilean. Maiatzaren 31n amaituko da Eskola Kirola programa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude