JOSEBA LARRATXE “JOSEVISKY”:“Marrazkia ez da luzitzeko erabili behar, istorio bat kontatzeko baizik”

Lagun giroko masterclass batekin amaitu du Joseba Larratxe “Josevisky” marrazkilariak (Irun, 1985) Martindozenea Gaztelekuan eskaini duen erakusketa. Argia, Gaztezulo eta Xabiroi aldizkarietan parte hartzen du Larratxek, Yurre Ugarte, Pako Aristi edo Asisko Urmenetaren mailako idazleekin lan egin izan du eta liburuak ilustratu ditu. Waking izenburua duen komiki laburra marraztu du Vértigo argitaletxe estatubatuarrarentzat, eta Eneko Aritza, lehen errege baskoia komikia sortu du, Angel Rekalderekin elkarlanean, du Nabarralde kultur taldearentzat. Larratxeren lan ugari bezain anitzaren zenbait adibide besterik ez dira.

Txikitatik izan zara komikien eta marrazketaren zale. Zergatik ez zinen Arte Ederrak ikastera animatu?

Hemezortzi urterekin ikasketak aukeratu behar izan nituenean, zalantza handiak eduki nituen. Beti iruditu izan zait momentu horretan gazteegiak garela erabakitzeko gure bizitza zer izango den. Nire etxean arkitektoak dira, eta hori zen etxean beti ikusi izan nuena. Arte Ederrekin alderatuta, arkitektura gauza ukigarriagoa iruditu zitzaidan momentu horretan, eta hortik jotzea erabaki nuen.

Ordurako, komiki lehiaketak irabazitakoa zinen.

Gogoan dut lehen komikia 9 urterekin marraztu nuela, gordea daukat oraindik. Jurassic Park eta dinosauroak zeuden modan orduan, eta horixe egin nuen. Komikiko marrazkiak ondo zeuden, baina ez zen ezer ulertzen. Hori izan da aurrerantzean izan dudan lanik handiena, ideiak transmititzen ikastea. Nire ustez, marrazkia istorio bat kontatzeko erabili behar da, ez luzitzeko.

Nerabezaroan, Euskal Herriko komiki lehiaketa guztietan parte hartzen hasi nintzen. Gehienetan, euskarazko akzesita irabazten nuen. Behingoz lehen sari bat irabaztea lortu nuenean, lehiaketak utzi nituen.

“Momentu batetik aurrera, nire ofizio bihurtu denak ikasketak oztopatu zizkidan”
Arkitektura ikasten ari zinela, komunikabideetan kolaboratzen ibili zinen.

Berriaren Matraka gazteentzako gehigarrian hasi nintzen tira komikoak egiten. Horrek diziplina hartzeko balio izan zidan, bi astean behin zerbait egin behar nuelako, nahiz eta beti inspirazio bera ez eduki. Nabarra aldizkarian ere hasi nintzen orduan.

Azkenean, momentu batetik aurrera, nire ofizio bihurtu denak ikasketak oztopatu zizkidan. Hamar urte eman nituen Arkitektura ateratzeko. Amaierako proiektuarekin lau urtez egon nintzen, sekulako lana eman zidan. Marrazketa lanek garrantzi handia hartu zuten niretzat, eta ez zidaten aurrera egiten uzten. Azkenean, gogorra izan zen gogorik gabe Arkitektura karrera bukatu behar izatea.

Komunikabideekin, argitaletxeekin eta idazleekin lan egin izan duzu, besteak beste. Alde handia dago batetik bestera?

Oso lan mota ezberdinak dira, baina guztien muinean sormena dago, eta batez ere, ideia bat komunikatzea. Baina argi dago, komiki bat edo ilustrazio lan bat oso ikuspuntu ezberdinetatik abordatu behar direla. Ahal izango banu, komikiak bakarrik egingo nituzke, hori baita benetan mugitzen nauena eta betetzen nauena. Gertatzen dena da Euskal Herrian oraindik ezin dela komikigintzaz bizi. Horregatik, marrazketarekin zer ikusia duen edozer egiten ari naiz.

Zure sormena mugatzen al du enkarguen arabera lan egiteak?

Oso moldagarria naiz. Badaude marrazkilariak okerrago pasatzen dutenak, haien estiloa oso-oso markatua delako. Nik dudan puntu indartsuena da nire estiloa moldagarria dela. Horrek lan ezberdin asko egitea eta bizirautea ahalbidetzen dit.

Enkarguen arabera, dokumentazio lan handia egin behar izaten dut. Erdi Aroko istorio bat kontatzeko, adibidez, sekulako lana egin beharra dago. Marrazkigintzaren alde ezkutuetako bat da hori.

Erabiltzen den erremintak erabat baldintzatzen du trazua”
Zerk eragin du gehien, zure estiloa eratzeko prozesuan?

Nire estiloarekin harreman handia du aukeratu dudan erremintak. Tinta pintzela erabiltzen dut gaur egun, Japoniarrek kaligrafiarako baliatzen dutena. Pintzel normal bat da, errotulagailu bat balitz bezala, etengabe tintaz bustitzen dena. Pintzelarekin, trazua inperfektua da, baina oso naturala. Nire trazua ez ezkutatzea erabaki dut.

Ez zait gustatzen nire estiloa errealista dela esatea, baina ez naiz marrazki bizidunen estiloko esajerazioaren zalea. Nahiz eta figurak karikaturizatu, fisika bat edukitzea gustatzen zait: hiru dimentsioak, perspektiba… Horrek nire ikasketekin zer ikusia izan dezake.

Komunikabideetan, gero eta gehiago ikusten dira ilustrazioak.

Badago joera bat, egia da, espero dut moda hutsa ez izatea. Nire teoria da argazkia oso gauza demokratikoa bihurtu dela: denok daukagu argazki kamera mugikorrean, eta etengabe aritzen gara argazkiak ateratzen. Horregatik, diferentziatzearen bila, komunikabideak marrazkigintzara bueltatu dira. Eta bueltatu esaten dut, argazkigintzaren aurretik, egunkarietan marrazkiak egiten zirelako. Eman dezakeen balio erantsia gero eta gehiago baloratu dezaten nahi nuke.

Erakusketak, hitzaldiak eta tailerrak ezinbesteko osagarri dira zure lanean?

Beti gustatu izan zait nire medioaren alde egitea. Komikigintza nahiko gutxietsia izan da beti, eta ni prest nago haren alde pedagogia egiteko. Dibulgazio grina horrekin lotura handiagoa du arlo horretan dudan aktibitateak, gehigarri ekonomikoarekin baino.

Atalak: Informazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude