JESUS ESTOMBA, Gehituko psikologoa: “Norberaren askatasuna amaitzen da, ondokoarena hasten den puntuan”

MOE Munduko Osasun Erakundeak buruko gaitzen zerrendatik ezabatu zuen homosexualitatea, 1990eko maiatzaren 17an. Hogeita zazpi urte beranduago, hitzaldia eskaini du Jesus Estomba psikologoak Irunen. Gehitu Euskal Herriko Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen elkarteko kidea da, eta Eusko Jaurlaritzaren Berdindu sexu eta genero aniztasunari buruzko informazio zerbitzuko arduraduna. LGTBfobiaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, sexu eta genero aniztasunaren inguruan aritu da Palmera Montero gizarte zentroan.

Hasteko, sexuari eta generoari buruzko kontakizun hegemoniko tradizionalaren azalpena egin du Jesus Estombak, umore kutsu batekin: “Garai batean, orakulu moduko batek, gizakion inguruko iragarpen zehatzak egiten zituen”. Orakulu horren arabera, haur jaioberriak zakila baldin bazuen, mutil sentituko zen, hiru urteren buruan. Beranduago, garuneko ezker hemisferioa garatuko zuen: funtzio kognitiboak, lengoaiarekin, logikarekin, matematikarekin etab. lotura dutenak. Autoritatea eta lehiakortasuna nortasun ezaugarri izango zituen, eta batzuetan oldarkor eta zakar samar jokatuko zuen. “Erantzukizun handiko postuak edukiko zituen: agintaritzak, kargu publikoak etab.”, argitu du Estombak. Desira sexuala pizten zitzaionean, emakumeek erakarriko zuten. Emakume batekin ezkonduko zen, eta seme-alabak edukiko zituen.

Aluarekin jaiotzen zen haurra, neska sentituko zen, eta burmuineko eskuin hemisferioa garatuko zuen: afektua, sentiberatasuna, emozioak enpatia. Lan sozialak egingo zituela azaldu du Jesus Estombak: “Erizain, zaintzaile, gizarte hezitzaile…”. Gizonezko batekin ezkondu, eta ama izango zen. Erraz eta arin egiten zituen baieztapenak orakuluak. Baina oso maiz huts egiten zuen. Baldintza horiek betetzen ez zituen jendeak, jazarpena jasan behar izan du historian zehar. “Oso zaila da LGTBfobiaren 2.000 urteko historia bost minutuan laburtzea”, aitortu du Jesus Estombak. Azaldu du erlijioa izan dela, mendetan zehar, jazarpen horren gidaria: “Infernura kondenatu zituzten”.

Erlijioaren lekukoa, legediak hartu zuen. Oso urrun joan gabe, diktadura frankistaren garaian, kartzela zigorra ezarri zieten homosexualei, Ley de vagos y maleantes eta Ley de peligrosidad social legeekin. “Gizartearentzako arriskutsuak ziren. Bikote heterosexualak desagertuz gero, gizateria amaitu zitekeen”, argitu du, ironiaz, Estombak. 1978an utzi zioten lege haiek aplikatzeari. Alabaina, zientziak jarraipena eman zion homofobiari, 1990ra arte MOEren buruko gaitzen zerrendan egon baitzen. “Ordurako, emakume homosexualek ere haien aldarrikapenei ekin zieten. Baina ez zitzaien arretarik eskaini”, azpimarratu du psikologoak: “Beti joan izan dira atzetik. Gaur egun ere pentsa, zenbat lesbiana daude esfera publikoan?”

Jakina, Estombaren orakuluaren gainerako aurreikuspenek ere huts egiten dute, baina oraindik ez dute homosexualitatearen onarpen maila berdina lortu. Transexualitatea, adibidez, MOEren gaixotasunen zerrendan dago, oraindik. Beste errealitate batzuek, are erritmo motelagoa daramate. Intersexualitatea, sexu organoen anbiguotasuna, adibide egokia da.

“Errealitatea moldatzen saiatu gara, marko teorikora egokitzeko. Basakeria da hori”
Orakuluaren teoria apurtu du errealitateak

Marko teorikoak eduki izan ditu beti gizakiak, bere inguruko errealitatea azaldu ahal izateko. Errealitatea bestelakoa dela konturatu denean, ordea, marko teoriko horiek moldatu izan ditu. Sexu aniztasunari dagokionez, berriz, kontrakoa egin izan dela uste du Jesus Estombak: “Errealitatea moldatzen saiatu gara, marko teorikora egokitzeko. Basakeria da hori, eta kostu sozial ikaragarria izan du”. Giza sexualitatea askoz aberatsagoa da, elementu biologikoak, psikologikoak eta kulturalak barne hartzen ditu, besteak beste. Era konplexu batean artikulatzen dira gainera. “Su txikian egosten dira. Sexologoek sexuazio prozesu deitzen diote horri”. Bilakaera izaten du giza sexualitateak, eta erabat moldagarria da. “Ezin zaio mugarik jarri, basakeriarik egingo ez bada”, aipatu du Jesus Estombak: “Lerro gorri bakar bat dago, gainditu ezin dena: askatasuna. Norberaren askatasuna amaitzen da, ondokoarena hasten den puntuan”.

Fakturen zerrenda luzea da oraindik”

Azken hamarkadetan aurrera pausoak eman izan direla agerikoa da. Asko da, ordea, egiteke dagoena: “Fakturen zerrenda luzea da oraindik”. Hasteko, LGTBfobiaren bilakaerak ez du erritmo berdina eraman mundu osoan, ezta gutxiago ere. Gaur egun, 73 herrialdetan, homosexualentzako kartzela zigorra indarrean dago oraindik, eta 11tan, heriotza zigorra. Gurean, aurrerapenak handiak izan dira legediari, hezkuntzari eta protokoloei dagokienez. Gurutzetako ospitalean genero unitatea dago 2011z geroztik, eta transexualitatearekin lotutako protokoloa du Osakidetzak. Gaiarekin lotutako legea indarrean sartu zen, gainera, 2012an. Azken aldian komunikabideetan izan duen oihartzunaren ondorioz, gainera, transexualitatearen ezagutzak eta pertzepzio sozialak hobera egin du.

Gaur egun, LGBTfobia, kasu askotan, ikusezina dela uste du Jesus Estombak. Oso barneratuta ditugun ekintzetan eta pentsamenduetan agertzen da: “Nik neuk, lagun batzuek guraso izango direla esaten didatenean, galdetzen diet: mutila edo neska izango da?”. Haur hori jaiotzen denean ere, sexu eta genero identitatea baldintzatzen saiatuko diren elementu ugari edukiko ditu inguruan: arropak, jostailuak etab. Haziz doan heinean, ezer inposatzetik urrun, haurrari espresatzen uztea eta haren adierazpenak entzutea gomendatu du Estombak: “Ondorio argi bat edukitzerakoan esku hartu daiteke, baina ez lehenago. Eta mesedez, haurra, fisikoki ez ukitu txikitan”. Nolanahi ere, ezin zabalagoa den errealitate bati hesiak ezartzerik ez dago.

Atalak: Informazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude