Itzaletik taula gainera

“Tragedia bat da!”, protesta egin du Shakespearek. “Bai, bai, nahi duzuna. Baina jendeari sufritu araztea kaka zaharra da”, bota dio aita Marciano Veronako apaizak. La verdadera historia de Romeo y Julietan, William Shakespeare hausnartzera bultzatzen dute, idazleak berak sortutako pertsonaiek. Antzezlana agertokira eraman aurretik, obrari azken ukituak ematen ari dira “Ezezagunok” elkarteko kideak. Beste edozein antzerki taldek egiten duen bezala. Haiena, baina, ez da ohiko antzerki taldea. Adimen urritasuna dute Ezezagunok-eko aktoreek.

SONY DSC

Irungo Lapitze auzoko eskola zaharreko ikasgela txiki bat da Ezezagunok elkartearen entsegu aretoa. Saioa amaituta, zirkulu zabala osatu dute taldekideek, galderei erantzuteko prest. 2007aren amaieran kokatu dute taldearen sorrera. Luisma Moreno eta Miren Etxeberria Gureak enpresa taldean ibiliak ziren. Ana Pérezekin elkartu ziren, laguntza berezia behar duten pertsonei zuzendutako an-tzerki tailer bat antolatzeko. Arte eszenikoetan esperientzia handia zuen ordurako Pérezek. 1986an Legaleón taldearen sorreran parte hartu zuen. Gaur egun, Ezezagunok elkarteko zuzendaritza artistikoa osatzen du hirukoteak. “2007aren amaieran esperimentatu egin genuen, ikusteko ea gai ginen obra txiki bat prestatzeko. Ondo atera zen, eta aurrera egitea erabaki genuen”, azaldu du Luisma Morenok. Taldearen izenaren zergatia ere argitu du: “Historian zehar izen asko jarri izan dizkiote kolektibo honi, ia denak mespre-txuzkoak. Horrek esan nahi du jende askok ez dituela benetan pertsona hauek ezagutzen”.
2008aren hasieran eratu zuten antzerki elkartea, bi helburu argirekin. Ana Pérezek azaldu ditu: “bata, obra txikiak antzeztea espazio publikoetan, edozein antzerki taldek bezala; bestea, eguneroko bizitzan baliagarri izan daitezkeen arloak lantzea, hala nola harremanak, memoria, emozioak, keinuak edo espazioaren kontrola”. Funtzio soziala ere betetzen du Ezezagunok-ek. Aisialdia modu aberasgarrian betetzeko aukera ematen die parte-hartzaileei. Asko ikasi dute zazpi urteko ibilbidean. Bilakaera handia izan dela azaldu du Luisma Morenok: “Hasieran ez genuen memoria lantzen, eta antzezlanak oso estatikoak ziren”. Testuetan nabaritu du aldaketa Mari Ángeles Fernández aktoreak: “Hasieran, testuak errazak eta laburrak ziren. Orain zailagoak dira”. Obra bat prestatzen hasten direnean, denbora asko ematen dute testua irakurtzen, eta pertsonaiak eta egoerak barneratzen. E-txeko lanak ere izaten dituzte, gainera. “Egunero entseatzen dut etxean. Amak laguntzen dit”, onartu du Mikel Fizek.

ezezagunok1
Romeo eta Julietaren istorio moldatua
La verdadera historia de Romeo y Julieta obra antzezten ari dira aurten. William Shakespeare dramagile ingelesaren lanaren moldaketa da. Komedia moduan, Shakespearren lana zalantzan jartzen dute. “Galdetzen diogu ea zergatik egiten dituen horren obra tristeak, eta ilunak”, azaldu du Luisma Moreno zuzendariak. Aktore guztiek aho batez erantzun dute publikoarengan zer eragin nahi duten galdetzerakoan: “Barrea”. Barrea eta txaloak gustatzen zaizkiola onartu du Idurre Burgañak. “Jendeak goza dezan egiten dugu, ez negar egiteko”, azpimarratu du Jon Caverok. Orain arte, makina bat algara eragin ditu Ezezagunok-ek. Ezustekoren bat ere bai. “Jende askok aurreiritziak dauzka oraindik, eta ez du uste gurea bezalako talde bat halako obrak antzezteko gai denik”, argitu du Luisma Morenok.
Urte erdian, bost aldiz antzeztu dute jada obra. Seigarrena ekainaren 6an izango da, Donostiako Antzoki Zaharrean (20:00). Badituzte beste hiruzpalau emanaldi lotuta. “Bi urteko lanaren ondoren, ahalik eta toki gehienetan antzeztu nahi dugu obra”, aitortu du Luisma Morenok. Horretarako, antzokietara eta departamentu sozialetara deitu eta proiektua azaldu behar izaten dute. Behin hitzordua finkatuta, azpiegitura handia mugitzen dute: hogei pertsonako taldea, materiala, jantziak… Hori dela eta, erakundeei deia luzatu nahi izan die Ana Pérezek: “Gurearen ezaugarriak dituen beste antzerki talderik ez dago Euskal Herria osoan.

ezezagunok3

Babes handiagoa eskatzen dugu”. Gurasoen laguntza nekaezina, behintzat, badute. Elkarrizketa bukatuta, irteeran denek dute aita edo ama zain. Entseguaren eta obraren inguruko galderak egin dituzte. “Noizbait gurasoekin antzeztuko dugu, primeran dakite eta”, esan du, txantxetan, Luisma Morenok. Baina ez zaio arrazoirik falta. Erabatekoa da Ezezagunok taldeko gurasoen inplikazioa.

Atalak: Informazioa

Etiketak:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude