Irungo arabiarren begirada

Azaroaren 14ko goizaldean, ikur judutar bat margotu zuen norbaitek Irungo meskitaren aurrealdean. Parisko atentatuen ondoren EAEko komunitate islamikoak salatutako lehen erasoa izan zen. Barakaldoko eta Gasteizko meskitetan ere ikur eta irain islamofoboak agertu ziren hurrengo egunetan. “Salaketa jarri dugu, baina ez diogu garrantzia handirik eman. Batez ere, Irunen halako zerbait gertatzen den lehen aldia delako. Nahiago izan dugu lasai hartu eta ahaztu”, argitu du Mohammed Mbarek sahararrak. Lau magrebtar elkartu ditugu Adiskidetuak elkartearen egoitzan. Etorkinentzako aholkularitza juridikoa eskaini ohi dute bulegoan, baina gaur tertuliarako gune bihurtu da.

Zuhurtziaz, eta asaldatu gabe bizi dute Irungo komunitate arbabiar-islamikoan islamofobia erasoen gaia. Dena den, kezka ere badute, jakina. “Gure komunitatean badago jendea hamabost-hogei urte daramatzana Irunen bizitzen, arazorik eduki gabe. Baina Parisko atentatuen moduko gertaerak izaten direnean, elkarbizitzan eragin kaltegarria izan dezakete”, adierazi du Mourad Abbidi marokoarrak. Lau urte daramatza Irunen, eta ez du inoiz arazo handirik izan, ez bizilagunekin ezta kalean ere. “Jendea errespetatzen duzunean, zu ere errespetatzen zaituzte”, erantsi du. Aitortu du, hala ere, begirada deserosoak jasan behar izaten dituela, bizar luzea eta iluna daramalako.

SONY DSC
“Bizarra daramaten gizonek eta beloa daramagun emakumeok sufritzen dugu begirada eta zurrumurru gehien”, onartu du Bouchra Bahoussek: “Hala ere, ezagutzen gaituztenean, aurreiritziak alde batera uzten dituzte”. Bouchrak harreman handia du bertakoekin. Eraikinean, etorkinen familia bakarra da beraiena. Gainera, eskolako gurasoen elkartean eta elkarbizitza batzordean parte hartzen du, adibidez. Duela urte eta erdi iritsi zen Irunera, Abdelaziz senarrarekin eta seme-alabekin batera. Lehenago, Teruelen eman zituzten hamabi urte. Integratuta baino, egokituta dagoela uste du Bouchrak: “Integrazioa oso termino zabala dela irudi-tzen zait. Ni egokitzen ahalegindu naiz, gizarte honetan bizitzea erabaki dudalako”.
Jarrera arrazistak, komunikabideek musulmanei buruz ematen duten irudi desitxuratuarekin lotu ditu Mohammedek: “Droga trafikoa eta bestelako gatazkak musulmanekin lotzeak min handia egiten digu”. Terrorismoari lotuta ere, hedabideek mezu okerrak zabaltzen dituztela uste dute laurek. “Komunikabideek islamofobiaren alde egiten dute batzuetan. Orokorrean, ezjakintasun handia dago. Guk edozein talde erradikal baztertzen dugu”, azpimarratu du Bouchrak. Haiek bezala, musulmanen gehiengo handi batek indarkeria baztertzen duela argi utzi nahi izan dute. Islamaren erroetara jo du Abdelazizek azalpena emateko: “Orain nahasmen handia dago. Baina islamaren oinarria moderazioa da. Bi muturrak dira okerrak: gehiegizko lasaikeria, eta fanatismoa”.
EI Estatu Islamikoaren moduko taldeen atzean, Koran liburu sakratuaren interpretazio okerra dagoela berretsi dute hizketakideek. Errekrutatzen dituzten gazteak engainatuta eramaten dituztela uste du Abdelazizek: “Europako auzo marjinaletako jendea hautatzen dute, arabieraz ez dakiena. Hizkuntza ulertzen ez baduzu, interprete baten beharra duzu Korana irakurtzeko, eta interprete horrek nahi duena helarazten du”. Azken asteotan protagonista izan diren Parisko Saint-Denis edo Bruselako Molenbeek adibide izan daitezke. Etorkin txiroak biltzen dituzten auzo degradatuak dira. “Ikasteko edo lan egiteko aukerarik ez duten gazteak bizi dira auzo horietan. Noraezean ibiltzen dira, zereginik gabe. Azkenean trafikatzen edo beste delituetan amaitzen dute. EIrentzat oso erakargarriak dira”, aipatu du Bouchrak.
Ardurak eta irtenbideak
Edonola ere, Estatu Islamikoaren jatorria ez dago Europako auzo marjinaletan, Ekialde Hurbilean baizik. “Mendebaldeko potentziek banatu zituzten herrialdeak, bulegoetan. Gaizki egin zuten banaketa, hango errealitatea kontuan hartu gabe”, gogorarazi du Mohammedek. Ekialde Hurbila lurralde aberatsa da baliabideetan, baina korapilatsua etnien eta islama ulertzeko moduen arteko gatazkei dagokienez. “Mendebaldeko potentziak interes ekonomikoengatik sartu dira, eta sekulako kaosa utzi dute”, azpimarratu du Abdelazizek. Estatu Islamikoa kaos horretatik sortu dela uste du marokoarrak: “EEBBek %60 edo %70eko ardura dutela esango nuke”.
Estatu Islamikoaren lehen biktimak, Siriako eta Ekialde Hurbileko herritarrak izan dira. “Egunero ehunka lagun hiltzen dituzte, adin guztietako emakumeak eta gizonak. %90 baino gehiago, musulmanak”, nabarmendu du Abdelazizek. Gainera, Siriako gerrak ehunka mila errefuxiaturen ihesa eragin du. Drama horren aurrean, Europako herrialdeen erantzuna “lotsagarria” izan dela uste du Mohammedek: “Lehengoan hamar-hamaika errefuxiatu hartu dituztela ikusi nuen telebistan. Bitartean, hotzak eta goseak akabatzen ari dira beste milaka lagun”. Arazoari irtenbidea emateko, hegazkinak bidali dituzte mendebaldeko herrialdeek, Siria bonbarda-tzera. “Frantziak gerran gastatuko duen dirua auzo marjinalak berregituratzen eta biziberritzen erabili behar luke”, salatu du Bouchrak. Bestelako irtenbideak badaudela uste dute solaskideek.

Atalak: Informazioa

Etiketak:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude