IRAITZ ARABOLAZA, artista: “Nahiko obsesiboa naiz proiektu berriak ditudanean esku artean”

Inauterietako kartel lehiaketa irabazi zuen, eta han eta hemen ibili zen bere Mozorro komiki. Iraitz Arabolazaren lana ezagutzeko lehen aukera izan zen irundar askorentzat. Baina gaztea izanagatik ere, urteak daramatza artearen munduan murgilduta. Txingudi Ikastolan eta Pio Baroja institutuan ibili ondoren, Arte Ederretako ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ez du bere helburua ezkutatu: “Artetik bizi nahi nuke”. Ahaleginak egiten ari da. IMG_20150818_200854800
Noiz piztu zitzaizun artearekiko interesa?

Betidanik gustatu izan zait. Txiki-txikitan hasi nintzen marrazkiak egiten. Gurasoek, hori ikusita, laguntza handia eman zidaten. Pintura eta eskulan tailerretara eraman ninduten. Mundu horrekin lotuta ibili izan naiz beti.

Txikitako marrazkietatik Arte Ederrak ikastera badago jauzia. Zergatik eman zenuen?

Argi neukan Arte Ederrak ikasiko nituela. DBHn, jada, ildo artistikoko hautazko ikasgaiak aukeratu nituen, bide hori jarraitzeko asmoz. Ondoren zer egingo nuen, ez nekien. Baina Arte Ederrak ikasiko nituela, ziur. Senideen eta lagunen erabateko babesa izan nuen, gainera. Gaur egun, ez dut uste beste lanbide asko baino okerrago dagoenik.

Nola gogoratzen duzu unibertsitateko garaia?

Lehen urtea ederra izan zen. Beste mundu bat esploratzearen moduko zerbait. Jende eta giro berriak ezagutu nituen, irakasgaietan ere oso gustura ibili nintzen, dena probatzen eta kuxkuxean, etengabe. Gero, bigarren mailan, Bolonia plana sartu zen indarrean, eta zeharo aldatu zen sistema, eta fakultateko giroa ere bai. Beste itxura bat hartu zuen, serioagoa eta itxiagoa. Ondorioz, hirugarren mailan kanpora joatea erabaki nuen. Argentinan egon nintzen, eta beste mentalitate batekin bueltatu nintzen.

Karreran zehar iruditzen zitzaidan ez nintzela ezer ikasten ari”
Baloratzen al duzu fakultatean ikasitakoa?

Karreran zehar iruditzen zitzaidan ez nintzela ezer ikasten ari. Nik uste pentsamendu hori nahiko orokorra dela. Denborarekin konturatu naiz baietz, oinarrizko jakintza batzuk landu nituela. Sentsibilitatea barneratua dut, eta gauza batzuk modu automatikoan antzematen ditut orain. Gure karrera oso praktikoa da, eta konturatu gabe ikasten dituzu gauza asko. Gerora ikusten da horren emaitza.

Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterra ikasi zenuen. Irakaskuntzara bideratu nahi zenuelako, edo beste irtenbiderik ikusten ez zenuelako?

Hasi, beharbada, amak bultzatuta hasi nintzen. Ate hori ez isteko, badaezpada. Baina egia esan, praktiketan oso gustura ibili nintzen. Orain Oiartzungo Haurtzaro Ikastolan lanean nabil eguerdietan, haurrei eskulanak egiten erakusten. Dena den, irakaskuntzan murgilduta ere, nire proiektuak ez ditut alde batera utziko.

Erakargarriak iruditzen zaizkidan aurpegiak aukeratzen ditut”
Pintura landu duzu, erretratua batez ere. Nola azalduko zenuke zure estiloa zein den?

Espresionismoaren eta fauvismoaren artean kokatuko nuke. Koloreak indar eta garrantzia handia du nire lanean. Egia da erretratuak asko gustatzen zaizkidala. Erakargarriak iruditzen zaizkidan aurpegiak aukeratzen ditut. Baina ez ederrak direlako, bakarrik. Adineko jendeak, adibidez, asko erakartzen nau. Haien azaleko zimurrekin eta testurekin. Bestalde, pertsonaren istorioa ezagutzea gustatzen zait, erretratuaren bidez irudikatzen saiatzeko. Gero, bakoitzak nahi duen bezala interpreta dezake.

Mamarratxuk marka sortu duzu, eta bitxiak saltzen dituzu.

Duela bi urte inguru hasi nintzen eskumuturrekoak, belarritakoak, lepokoak eta abar egiten. Lagunei saltzen dizkiet, internet bidez ere bai. Batzuetan azoketan ibiltzen naiz, doan edo oso merke direnetan, behintzat. Mamarratxuk marka sortu dut, produkzioa gero eta handiagoa zelako, eta izena eta logotipoa edukitzeak beste osotasun bat ematen ziolako.

Non egiten duzu lan? Ba al duzu tailerrik?

Gurasoekin bizi nintzenean, ganbara handi bat nuen. Nire logela eta tailerra zen. Han lurrean jartzen nintzen, lasai ederrean. Orain etxe txiki batean bizi naiz, eta egongela desmuntatu behar izaten dut lurrean jartzeko. Proiektu bati heltzen diodanean, dena hankaz-gora jartzen dut.

Nahiko obsesiboa naiz proiektu edo ideia berriak ditudanean esku artean. %100 murgiltzen naiz. Batzuetan gehiegi, bizitza soziala ere alde batera uzten dut. Urtarrilean zeramika klaseetara joaten hasi nintzen, eta orain jo eta su nabil horrekin.

Zaila da artea ogibide bilakatzea?

Hori da nire helburua, eta horretan ari naiz, pixkanaka. Kontua da denbora guztian lan bila ibili behar zarela, batetik bestera. Gainera, ni ez nago ezertan bereziki espezializatuta. Esparru zabala hartzen dut: pintura, bitxiak, muralak… Enkarguekin eta ikastetxeetako lanekin ari naiz aurrera egiten.

Zein proiektutan zabiltza orain lanean?

Erakusketa kolektibo batean parte hartuko dut, Antxeta Irratiaren hamabosgarren urteurrena dela eta. Bost artista izango gara, eta Hondarribian, Irunen eta Hendaian ikusi ahal izango dira gure lanak. Hiru erretratu prestatzen ari naiz. Bestalde, martxoan artisau azoka pare batean egongo naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude