IÑIGO CAMARERO, Txingudi Errugbi Elkarteko kidea: “Denboraldia orokorrean ikusita, oso balorazio baikorra egin dezakegu”

Euskal Ligako lehen mailara igotzetik gertu izan da Txingudi Errugbi Elkarteko talde nagusia. Play off-a jokatu du, jaitsiera ekiditea helburu zuen Gernikaren filialaren kontra. 23-27 galdu zuen Txingudik Plaiaundin, eta 27-12 Gernikako Urbieta zelaian. Denboraldiaren balorazio baikorra egin dute, hala ere, klubean. Iñigo Camarero Kamata kide beteranoa da, lehen taldean jokatzen segitzen du, baina klubaren ikuspegi globala ere badu.
Joaneko partidan Gernikari eutsi zenioten, baina itzulikoan gehiago izan zen.

Ondo ibili ginen kanporaketa osoan zehar. Gernika filiala da, eta kasu hauetan, talde nagusiko zenbait jokalari erabil ditzake. Hala egin zuen, eta maila asko handitu zuen horrela. Hori dela eta, nahiz eta guk bi partida on jokatu, ezin izan genuen arerioa gainditu.

Denboraldian zehar Arrasaterekin lehian ibili zarete, lehen postuaren bila. Egindako sasoiarekin pozik?

Bai, hasi ginenean ez genuen igoera helburu. Goian ibili nahi genuen, besterik gabe. Hori bete dugu, baina igoera lortzetik pauso bakar batera gelditu gara, gainera. Esan genezake oso denboraldi ona egin dugula. Denboraldia orokorrean ikusita, oso balorazio baikorra egin dezakegu. Uste dut denok daukagula pentsaera hori klubean.

Amorrua eman al dizue igoera horren gertu eduki izanak?

Pena ematen du, baina gertatu zena espero zitekeen, egia esan. Horregatik, denboraldian zehar izandako sentsazio onekin geldituko gara.

Pixkanaka gorako bidea daramagula uste dut”
Azken hiru urteetan bi aldiz egon zarete igotzetik oso gertu. Hurrengo denboraldian ere saiatuko zarete?

Egoera ez bada gehiegi aldatzen, helburu horrekin abiatuko gara. Taldeak beherakada handi samarra izan du azken urteotan, entrenatzaileek eta jokalarien multzo handi batek taldea utzi zuenetik. Hondoa jo genuela uste dut, eta orain pixkanaka gorako bidea daramagula. Etxeko jende asko dugu orain, jende gaztea, batez ere. Esango nuke zentzu horretan aurrera pauso bat eman dugula.

Txingudi Errugbi Elkarteak izango al du jarduerarik udaran?

Uztailaren 8an Beach Rugby edo hondartza errugbi lehiaketa egingo dugu, 10:00etatik 20:00etara Hondarribiko hondartzan. Bestalde, 8 urtetik 18 urtera arteko haurrei eta gazteei zuzendutako kanpusa burutuko dugu uztailean. Elkartearen web gunean aurki daiteke bi ekimenei buruzko informazio gehiago.

Hiru urteko epean harrobia asko landu dugu, eta emaitzak nabari dira”
Klubari izena aldatu eta Txingudi jarri zenioten, eskualde osoko jendea erakarri ahal izateko. Zein da harrobiaren osasuna?

Oso mugatuta geunden Irun izenarekin. Txingudi izenarekin eremu handiagoa har dezakegu, Hondarribian, batez ere, askoz erakargarriagoa baita, orain, gure elkartea. Hiru urteko epean harrobia asko landu dugu, eta emaitzak nabari dira. Txikiak gero eta gehiago hurbiltzen dira Plaiaundira, eta gure eskola haziz doa.

Emakumeen errugbia ere lantzen ari zarete, momentuz, Hernani Errugbi Elkartearekin batera. Aurrera al doa Txingudiko taldea ateratzeko proiektua?

Ahaleginak egin ditugu, baina ez dugu emakumeen kopurua handitzerik lortzen. Baditugu 7-8 emakume normalean entrenatzera etortzen direnak, horietatik lauk egin zuten fitxa Hernanin. Horrela bi urte daramatzagu, baina aurrerapen handirik ez dugu lortzen. Guk ez dugu etsiko, lanean segituko dugu.

Zein aurreikuspen egingo zenuke hurrengo sasoirako, klubaren ikuspegitik?

Gure helburu nagusien artean dago errugbi eskola lantzen jarraitzea, haur gehiago erakartzea, eta ahal dela, emakumeen kopurua handitzea. Oso gertu dugu, era berean, klubaren 50.urtemuga. 2019an izango da, eta hurrengo denboraldian, ospakizun hori prestatzen hasiko gara.

Atalak: Informazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude