Hautsak harrotu ditu, berriro, Plaiaundiko instalazioen lekualdatzeak

Filtrazio batek azaleratu du udal gobernuaren B plana: Olaberria auzoko Beko Errota eremua

Enegarren aldiz piztu da Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdatzearen inguruko eztabaida. Uztailean izan da oraingoan, Diario Vasco egunkariak argitaratu duen informazio baten harira. Udal gobernuaren ustezko “B” planaren berri eman zuen uztailaren 13an: Olaberria auzoan dagoen Beko Errota lursaila, Txingudiko Zerbitzuak-en egoitzaren aldamenean dagoena. Erreakzio erauntsia etorri da segidan, hiriko talde politikoen eta zenbait elkarteren partetik. Azkenean, udal gobernuak irailerako finkatu du gaiari buruzko eztabaida politikoa.

Azken urteotan, Puianaren eta Gibeletaren ondoan dagoen Zubieta finka izan da Irungo Udalaren lehen aukera, baina korapilatsua da, eta atzeratuz joan da etengabe. Talde ekologisten arabera, 2019ko uztailerako, Plaiaunditik kanpo behar lituzke Irungo Udalak kirol instalazioak. Estuario ekosistemako gune gisa eraldatuta egon beharko luke espazioak ordurako, sei urte beteko baitira Natura 2000 Sareko Neurrien eta Ekintzen dokumentua onartu zenetik. Bertan, atletismo pista eta errugbi zelaia Plaiaunditik ateratzea helburu nagusi gisa jarri zuen Irungo Udalak. Beteko ez balu, Europako Batzordearen isun handiak jasoko lituzke ( 3 eta 20 milioi euro artekoak).

Edonola ere, bi hamarkada baino gehiago daramatza gaiak mahai gainean, soluziorik gabe. Zubietako proiektuan Hondarribiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen dute, eta luze doa oraindik. Hori dela eta, beste aukerak aztertzeari ekin dio udal gobernuak, denbora aurrera doala kontuan hartuta. Olaberriako planteamendua azaleratzeak, kritikak eragin ditu. Ekologistak Martxan taldeak gogorarazi du hiriko talde politikoek eta hainbat elkartek Olaberria eremua “bere osotasunean” babesteko akordioa lortu zutela, Olaberria Harana Babesteko Plan Berezia garatzeko: “Landa jardueraren eta ingurumenaren defentsaren aldeko erabilera sustatzeko erabakia hartu genuen”. Gobernu taldeak “konpromiso falta” duela salatu du Ekologistak Martxan-ek: “Bere garaian adostutako erabakia pikutara bidaltzen ari da”.

OPLAren kritikak jaso ditu udal gobernuak

Olaberriako aukerak haranaren inguruko adostasuna hautsiko lukeela berretsi du, era berean, OPLA Olaberriako Bailara Babesteko Plataformak. Salaketa gogorragoak ere egin ditu, auzokide eta bizilagunei baino lehenago, informazioa hedabide bati ezkutuan eman izana, esaterako. Irungo Udalak eskatuta, L.K.S. enpresak 2016an argitaratutako txostena gogorarazi du OPLAk. Olaberriako haranaren ondorengo ezaugarriak azpimarratu zituzten txosten horretan: paisaiaren edertasuna, ingurumen balioa, kultur eta landa ondarea. Bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbideak eraikitzeko eta lehen sektorea indartzeko jardueren beharra ere nabarmendu zituzten.

“Akatsa litzateke babestutako espazio batetik, babestua izateko bidean dagoen beste batera lekualdatzea”
Olaberriako Bailara Babesteko Plataforma

Plaiaundiko instalazioak lekualdatzeko udal gobernuak duen presari egotzi dio OPLAK Olaberriako aukeraren berri eman izana, Zubietako aukera erabat baztertu gabe: “Akatsa litzateke babestutako espazio batetik, babestua izateko bidean dagoen beste batera lekualdatzea”. Felipe Uranga plataformako kideak haien jarrera arrazoitu du Antxeta Irratian: “Ematen du edozein proiekturen kontra gaudela, eta ez da horrela. Baina beldur gara, ikusten dugulako Irungo beste landa eremuak nola gelditu diren”. Urangak nabarmendu du, era berean, Plaiaundiko erabiltzaile diren kirol elkarteek aterabide egokia merezi dutela. Horretarako, alabaina, beste aukerak aztertzeko eskatu dio udal gobernuari.

Proposamenak egin ditu oposizioak

Oposizioko taldeen artean, Si Se Puede Irun Ahal Dugu (SPI) izan da gaiaren inguruan iritzia ematen lehena. David Soto taldeko bozeramaileak hogei urtean zehar “beste alde batera” begiratu izana leporatu dio PSE-EEri. Orain, Beko Errotakoa “urgentziazko” neurria dela ere adierazi du. Sozialisten gobernukide den EAJren jarrera ere ez du ulertzen Sotok: “Hiriko hauteskunde programetan Olaberria Irungo birika berdea dela aipatu izan dute”. Pauso gehiago eman aurretik, Olaberria auzoan kontsulta parte hartzaile bat aurrera eramatea eskatu dio Podemoseko Irungo taldeak udal gobernuari. Plaiaundiko instalazioak kokatzeko proposamen berria egin du SPIk: datozen urteetan libre geratuko den trenbide espazioa.

Bekoerrotako kokapenak hiriarentzat “ondorio larriak”ekar ditzakeela adierazi du EH Bilduk: “Planteatu ziren zailtasun teknikoez gain, ingurumen aldetik bereziki ondo babestu beharreko eremua da”. Koalizio abertzaleak pistak eta errugbi zelaia San Miguel Anakan kokatzearen alde egin du: “Konbentzituta gaude aukera onena dela”. San Miguel-Anakako kokapena berrezartzea eskatu du EH Bilduk, erregistro bidez. Udalean ordezkaritza ez duen Ezker Anitza taldeak ere San Miguel Anakaren aukera azter dezan eskatu dio udal gobernuari. Edonola ere, errugbi eta atletismo taldeen interesak kontuan har ditzaten azpimarratu du, hiritarrek gaiaren inguruan duten iritzia jakitea garrantzitsua dela gogoratuz.

“Momentu honetan ez dugu eperik, ezta isunen inguruko informaziorik ere”
Xabier Iridoy, Hirigintza arloko ordezkaria

Xabier Iridoy Irungo Udaleko Hirigintza arloko ordezkariak (EAJ) gaiari buruzko azalpenak eman ditu. Alde batetik, oposizioak eta hiritarren zenbait taldek egindako akusazioak ukatu ditu: “Esan izan da orain korrika eta presaka ari garela, isunen mehatxupean. Ez dago ezer baieztatuta. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi behar digu hori, eta momentu honetan ez dugu eperik, ezta isunen inguruko informaziorik ere”. Plaiaundiko instalazioak lekualdatzeko lehentasunezko kokapena Zubietakoa dela baieztatu du Iridoyk, baina ezin dutela aukera hori soilik aztertu. “Beste alternatibak landuz joan gara”, azaldu du jeltzaleak: “Guztira bederatzi leku posible aztertu ditugu. Txosten teknikoek diote Olaberria dela aukera onena”.

Iridoyk nahi baino lehenago azaleratu da, hala ere, udal gobernuaren “B” plana. “Filtrazio bat egon da”, onartu du: “Nire planteamendua ez zen hori. Beste modu batera egin beharra zegoen”. Xabier Iridoyk aurreratu du gaiaren inguruko eztabaida politikoa iraileko osoko bilkuran egingo dutela, eta orduan, aukera guztiak mahai gainean jarriko dituztela: Arbes, Iparralde-Gal, Ibarla, Osinbiribil, Buenavista muinoa, Beko Errota, Montero, San Miguel-Anaka eta trenbide espazioa.

Ez dadila gehiago atzeratu

Bi hamarkada baino gehiago daramatzate Plaiaundiko instalazioen erabiltzaileek, aterabide baten zain. Horregatik, ez zaie hainbeste inporta azken kokapena zein izango den. “Lehenbailehen har dezatela erabakia”, eskatu du Ibon Muñoz Super Amara-BATeko kirol zuzendariak: “Ez dadila irailetik pasa”. Ingurumenari dagokionez babestuta dagoen eremu batean egoteaz gainera, Plaiaundiko instalazioek ez dituzte BATen, Txingudi Atletismo Taldearen eta Txingudi Errugbi Taldearen beharrak asetzen. Konponketak egin izan dituzte. “Partxeak”, zehaztu du Muñozek.

Homologatua izango den pista eskatzen dute, eta aldagela, biltegi eta gimnasio duinak. “Erabiltzaileen kopurua bikoiztu egin da, eta espazio berean jarraitzen dugu”, argudiatu du Ibon Muñozek. Kokapena edozein delarik ere, proiektuak erabiltzaile izango diren kluben eskaerei erantzun diezaien nahi dute. Hori da haien lehentasuna: “Kokapen baten inguruan adostasuna baldin badago, eta baldintzak betetzen baldin baditu, aurrera”.

Atalak: Informazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude