Gora egin du euskararen erabilerak

%7,6koa da euskararen presentzia kaleko elkarrizketetan, Siadecok Irunen egindako azken ikerketaren arabera

Bi puntuko igoera izan du euskararen erabilerak Irunen, azken ikerketarekin alderatuta. %5,5koa izan zen emaitza 2007an, eta 7,6ra egin du gora orain. 2016ko abenduan egin dute ikerketa Siadeco enpresako behatzaileek, Irungo Udalaren enkarguz. Eskerrak eman nahi izan dizkie Josune Gomez udaleko Euskara arloko ordezkariak: “Oso ondo burutu dute lana. Lagungarria izango zaigu, euskararen egoerari buruz hausnartzeko”. Kontuan hartu beharra dago, Eustatek 2011n argitaratutako datuen arabera, irundarren %36 dela euskalduna, eta beste %28 ia-euskalduna.

Gorakada izan du kaleko elkarrizketetan euskarak duen presentziak, eta berritasuna da hori. Izan ere, azken ikerketak kontuan hartuta, 1995etik 2001era, bi puntuko galera izan zuen euskararen erabilerak. 2001etik 2007ra, %5,5ean egonkortuta egon zen. Azken hamarkadan, berriz, %7,6raino egin du gora, Siadecoren datuen arabera. “Pozgarria da, jakina. Baina lan asko egin beharra dago oraindik”, baieztatu du Josune Gomezek. Ikerketako metodologiari dagokionez, behaketa zuzena erabili du Siadecok, entzumen ariketa. “Hiritarrak zein hizkuntzatan ari diren apuntatzen dute behatzaileek”, azaldu du Juanjo Allur enpresako ordezkariak. Guztira, 11.592 pertsonaren hizkuntz praktika neurtu dute.

Lan asko egin beharra dago oraindik”
Josune Gomez, Irungo Udaleko Euskara arloko ordezkaria

Azken ikerketako gune eta ordu berberak errepikatu dituzte, datuak alderagarriak izan zitezen. Hiru eremu aztertu dituzte: tren geltokiaren ingurua, Colon ibilbidearen bueltakoa, eta Santiago eta Larreaundi auzoen artekoa. Azken horretan izan du bilakaera gehien euskararen erabilerak. %13koa da, bertan, euskararen erabilera. Beste bietan, %5 inguruan dago. Hiztunen generoari dagokionez, emakumezkoak aurretik daude, baina diferentzia oso txikia dela baieztatu du Juanjo Allurrek.

“40-64 urte arteko helduen artean, euskararen presentzia bikoitza da, haurrak tartean daudenean”
Juanjo Allur, Siadeco enpresako ordezkaria

Adinean bai, badira alde nabarmenak. Hiritarra zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta handiagoa da euskararen erabilera. 14 urtez azpiko haur eta gaztetxoen artean, %13,3koa da. 15 urtetik 39 urtera arteko tartean, %10aren bueltan dabil. 40-64 adin tartean, %5era egiten du behera, eta 65 urtetik gorakoetan, %3ra ere ez da iristen. Haurren presentziak euskararen erabilerari mesede egiten diola nabarmendu du Allurrek: “40-64 urte arteko helduen artean, euskararen presentzia bikoitza da, haurrak tartean daudenean. Haurrek ere, beraien artean hizketan ari direnean baino euskara gehiago erabiltzen dute, heldu bat dutenean solaskide”.

Ikastetxeetako sarrera-irteerak eta hizkuntza paisaia ere aztertu dituzte

Haurren eta gazteen artean, ikasgelaz kanpo euskararen erabilera zenbatekoa den jakiteko, ikastetxeetako atarietara jo du Siadecok. Lehen aldiz egin dute, aurtengo berritasuna izan da. Irungo 13 zentrotako sarrera-irteeretan kokatu dira, entzumen ariketa egiteko (Belaskoenea, Dunboa, Eguzkitza, Elatzeta, El Pilar, Erain Txiki, Hirubide, La Salle, Lekaenea, San Vicente de Paul, Toki-Alai eta Txingudi Ikastola). 8.066 pertsonaren elkarrizketak behatu dituzte. Kasu horretan, euskararen erabilera datua %15,6koa da. Adinaren arabera, ordea, aldea oso handia da. Haur Hezkuntzako umeen artean, euskararen erabilera %24koa da. Lehen Hezkuntzan %11ra egiten du behera. DBHn, %5eko da euskararen erabilera. Hortaz, adinean gora egin ahala, euskara gero eta gutxiago erabiltzen dute irundar gehienek.

Hirugarren ikerketa arloa, hizkuntza paisaiarena izan da: establezimenduen izenak, erakusleihoetan dauden idazkiak, kale izenak, bide seinaleak, publizitate komertziala etab. 1.329 euskarri behatu dituzte, eta horien %9 topatu dute euskara hutsean, eta %14 ele bietan. Guztira, idatzizko lau errotulutatik batean euskarak badu presentzia.

Atalak: Informazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude