Geratzeko itzuli da Bidasoa

Mailari eustea eta Errege Kopako zortziko finalean parte hartzea lortu du Artalekuko taldeak

Denboraldi ona osatu du Bidasoak goi mailara bueltan. Helburu nagusia bete du, mailari eutsi baitio, jardunaldi baten faltan. Hurrengo sasoian Asobal Ligan jarraituko duela ziurtatuta, urteko beste lorpenaz gozatzeko ordua du orain Jacobo Cuétararen taldeak. Errege Kopako zortziko finalean ariko da ekainaren 9tik 11ra, Leonen.

2016-2017 denboraldiko helburua erdietsi zuen Bidasoak maiatzaren 20an, Asobal Ligari eutsita. Azken aurreko jardunaldian ospatu ahal izan zuen, Atlético Valladolid Artaleku kiroldegian menderatuta (34-31). Nahi baino beranduago, azkenean. Izan ere, apirilaren 2an lortu zuen Irungo taldeak aurreko garaipena. 29-17 txikitu zuen Bidasoak Huesca. 21 puntu bildu zituen orduan, hortaz, esku-eskura zirudien helburuak. Orduz geroztik, aitzitik, porrotak kateatu dituzte horiek, bata bestearen atzetik. “Zorte txarra eduki genuen. Bi partida gol bakarreko aldeaz galdu genituen”, gogorarazi du Kauldi Odriozola jokalariak (28-27 Granollersen, 33-34 Ciudad Encantadaren aurka, Artalekun).

Guk ez genuen etsi, gureari eutsi genion”
Kauldi Odriozola, jokalaria

Edonola ere, jaitsieraren mehatxua behin-betiko baztertu ezinean ibili zen Bidasoa, azken aurreko jardunaldira arte. Valladolidi Artalekun irabazita, arnasa hartu zuten taldeak, klubak eta zaleek. Kostata iritsi zen, ordea. Arerio zaila izan zen Valladolid. Maila handiko eskubaloia erakutsi zuen, eta lehen zatian, batez ere, nagusi izan zen Artalekuko pistan. Bost goleko abantaila ere eduki zuen, 16.minutuan. “Guk ez genuen etsi, gureari eutsi genion, eta azkenean, gauzak atera zitzaizkigun”, adierazi du Odriozolak. Bigarren zatian hobera egin zuen Bidasoak, aldea murriztuz joan zen, eta bost minutu falta zirela, markagailuan aurretik jartzea lortu zuen. Azken minutuetan, Kauldi Odriozola bera izan zen protagonista, Asier Zubiria atezainarekin batera. Bi jaurtiketa gelditu zizkien usurbildarrak Hernándezi eta Serdiori. Kontraerasoetan, Kauldik ez zuen barkatu. Azken lau golak sartu zituen zumaiarrak, bidasoarren garaipena bermatzeko.

Ospakizunak eta itxaropenak

Neurketa amaituta, urtean zehar emandako babesa eskertu zieten jokalari bidasoarrek zaleei. Haiek ere txalo zaparrada jaso zuten, Asobal Ligara bueltan egindako lanagatik. Ospakizunerako arrazoi bikoitza zegoen gainera, duela 30 urte Bidasoaren lehen liga irabazi zuten jokalariek omenaldia jaso baitzuten. Irungo hamaika jokalarik, Pasaiako batek eta antzinako Yugoslaviako bik osatzen zuten 1986-1987ko Elgorriaga Bidasoa. Uranzu pilotalekuan hasi zuten denboraldia, eta Artaleku kiroldegian amaitu, sasoiaren hasieran pentsaezina zirudien liga eskuratuz. Klubaren urrezko aroaren hasiera izan zen hura.

“Lehen urtea izaten da zailena, eta guk mailari eustea lortu dugu. Orain, luzaroan geldituko da Bidasoa Asobal Ligan”
Jacobo Cuétara, entrenatzailea

Agurretarako tartea egon zen Artalekun, jokalari batzuek ez baitute Irunen jarraituko. Pedja Dejanovic atezain bosniarrak urteko jokalari erregularrenaren saria jaso zuen El Muro Amarillo peñaren eskutik. Hunkituta agurtu zuen Artaleku, Bidasoa utziko baitu, hiru urtez Irungo taldearen atea babestu eta gero. “Oso gustura egon naiz”, baieztatu zuen prentsaurrekoan: “Zalego handia du Bidasoak, eskerrik asko denoi”. Jacobo Cuétara entrenatzaileak ere agerraldia egin zuen komunikabideen aurrean, Bidasoan emandako lehen urteaz harro, eta etorkizunerako itxaropenez: “Lehen urtea izaten da zailena, eta guk mailari eustea lortu dugu. Orain, luzaroan geldituko da Bidasoa Asobal Ligan”. Hurrengo urterako aurreikuspenez galdetuta, Asobal Ligak, orokorrean, aurrera pausoa emango duela erantzun zuen Cuétarak. “Gu ere hazi egingo gara, urte beteko lana daramagulako. Jokalariek haien maila hobetu dute, eta taldea indartu egin da”, azaldu zuen entrenatzaileak.

Kopak borobilduko du denboraldia

2017-2018 denboraldiari begiratu aurretik, hitzordu handi bat du Bidasoak. Errege Kopako Zortziko Finalean parte hartuko du, ligako talde onenekin batera. Txartela lortzeko, balentria egin zuen martxoan, Benidormen kontrako kanporaketan. Zortzi goleko aldea atera zion arerioak joanekoan, baina desabantaila irauli eta bederatzi goleko errenta lortu zuen Bidasoak Artalekun, martxoaren 18an (32-23). Ondorioz, Leongo Zortziko Finalean ariko da Bidasoa ekainaren 9tik 11ra, Barcelona, Ademar, La Rioja, Granollers, Anaitasuna, Huesca eta Morrazo taldeekin batera.

Granollersen aurka ariko da Bidasoa ekainaren 9an. Irabaziz gero, Barcelona-Huesca kanporaketako garailearen kontra jokatuko luke finalerdian. Finalaren atarian egotea sasoiari amaiera bikaina ematea izango litzatekeela uste du Jacobo Cuétarak: “Horretarako Europako lehian aritu den Granollers mendean hartu beharko dugu. Erronka zaila da, baina gogor lan egingo dugu, ilusio handiarekin”. Gol bakarreko errenta izan da Granollersen eta Bidasoaren artean, ligako bi neurketetan. Irundarren alde, lehen itzulian, eta kataluniarren alde, bigarrenean.

Atalak: Informazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude