Gazteentzako berrogeita hiru etxebizitza eraikiko dituzte Irunen

Zuzkidura-bizitokiak 2019 urte erdialderako prest egotea espero dute

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak gazteei zuzenduriko 43 etxebizitza eraikiko ditu Irunen, Alberto Larzabal kalean. Bizitoki berri hori eraikitzeko esleipena ekainean egingo da eta etxebizitzak 2019 urte erdialderako prest edukitzea espero dute agintariek. Bereziki gazteei zuzenduriko etxebizitzak izango dira, gazteei lehen bizitokia topatzeko aukera errazteko asmoz.

Ekainean etxebizitzak eraikitzeko obraren lizentzia esleitu dute, horrela, lehenbailehen eraikuntza lanei ekin ahal izango zaie. Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak jakinarazi du proiektua ez dela berria: “Obra hau garatzeko konpromisoa aspaldi sortu zen, baina, azkenean, proiektua aurrera eramateko ordua iritsi da”.

“Obra hau garatzeko konpromisoa aspaldi sortu zen, baina, azkenean, proiektua aurrera eramateko ordua iritsi da”
Iñaki Arriola, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburua

Guztira 43 etxebizitza eraikiko dira eta bizileku berri hauen helburua irundar gazteei haien lehen bizitokia eskuratzeko erraztasunak ematea izango da. Etxebizitza guztietatik 38k sukaldea, egongela, komuna eta logela bana izango dituzte. Horiez gainera, bi logela edukiko dituzten lau etxebizitza eraikiko dituzte eta elbarrientzako egokiturik egongo den etxebizitza bat ere egongo da.

Orubea Alberto Larzabal eta Aduana kaleen artean kokaturik dago, eta 995 m²-ko azalera du. Etxebizitzez gainera, eraikinak 18 garaje eta bizikletak gordetzeko gela bat edukiko ditu. Iñaki Arrriola sailburuak azaldu du obraren esleipena egin ostean, lanak abiatu ahal izango direla, eta aurreikusi du, 2019 urtearen erdialderako lanak amaiturik egongo direla.

Gazteak gehienez 5 urtez bizi ahal izango dira zuzkidura-bizitoki horietan. Izan ere, etxeen helburua ez da gazteak bertan denbora mugagabez geratzea, baizik eta gazteei, behin betiko etxebizitza topatzen duten bitartean, bizileku probisional bat eskaintzea. Honela, azken aldian gazteek haien gurasoengandik emantzipatzeko izan duten zailtasunari aurre egin nahi zaio, gazteentzat bereziki pentsaturiko plan honen bitartez.

Proiektuaren lizitazioak 4,6 milioi euroko kostua izan du eta ziurtagiri energetikoari dagokionez A kalifikazioa lortu du. Alegia, etxebizitza berri honek energia berriztagarrien erabileran apustu garrantzitsu bat egingo du, energia eskuratzeko eguzki-plakak eta biomasa-galdarak erabiliko dituelarik.

Lankidetzarako prest

Etxebizitza sailak zein Irungo Udalak alokairuzko etxebizitzaren beharrekiko ardura azaldu dute. Jose Antonio Santano Irungo Alkateak udalaren asmoa adierazi du: “ Irungo Udalean argi dugu alokairuzko etxebizitzak indartzea beharrezkoa dela”. Gai honen inguruan, Irungo Alkateak azaldu du herritarren eskaeretan “aldaketa” bat gertatu dela eta alokairuzko etxebizitzen eskaintza garrantzitsu bat egitea ezinbestekoa izango dela hiritarren beharrak asetzeko.

“Irungo Udalean argi dugu alokairuzko etxebizitzak indartzea beharrezkoa dela”
Jose Antonio Santano, Irungo Alkatea

Iñaki Arriola sailburuak zein Jose Antonio Santano alkateak horrelako proiektu gehiago garatzeko lankidetzan aritzeko prestutasuna erakutsi dute. Eusko Jaurlaritzak eta Irungo Udalak handituz doan eskaera bati aurre egin beharrean direla gehitu dute, eta gizartearen eskakizunak asetzea ezinbesteko izango dela.

Gazteak helburu

Gazteei zuzenduriko etxebizitzen proiektuek bultzada handia jaso dute azken aldian Irunen. Alberto Larzabal kaleko egitasmoaz gainera, Oinaurreko auzoan antzeko ezaugarriak izango dituen proiektu bat gauzatzeko intentzioa du udalak. Etxebizitza hauek 35 urtetik beherako gazteei zuzendurik egongo dira eta gehienez bost urtez alokatu ahal izango dira.

Etxebizitzak eraiki ahal izateko Oinaurreko plan partziala aldatzea beharrezkoa izango da. Honela, etxebizitza kopuru handiago bat eraikitzeko aukera eta 2011ean onartutako planak zuen akatsa konpontzea lortu nahi da. Planaren aldaketari esker 34 etxebizitza eraikiko dira guztira: logela bakarreko 30, bi logelako bi, eta egokitutako bi apartamentu. Etxebizitza horien helburua, Alberto Larzabal kalekoen antzera, gazteen emantzipazioa bultzatzea da.

Atalak: Informazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude