ANDER SARRATEA: “Ficobaren erronka da, hiruzpalau urteko epean, finantziazio mendekotasunik ez edukitzea”

Hamabost urte beteko ditu, datorren urtean, Ficoba Euskal Kostaldeko Nazioarteko Azokak. 2003an zabaldu zituen ateak, 21 milioi euroko inbertsioa behar izan zuten hiru urteko lanen ondoren. Irungo Udalaren apustu hark zalantza handiak sortu zituen garai hartan. Lehen urteetan defizita eragin zuen, eta erakunde publikoen laguntza handia behar izan zuen.
Azken urteetan, ordea, superabita sortuz joan da Ficoba, hasierako inbertsioa amortizatzeraino. 2016an, diru-sarrerek %11 egin zuten gora, 150.000 euroko superabitarekin. Ander Sarrateak (Irun, 1972) duela bost urte hartu zuen Ficobako gerentzia, eta erakustazokaren ibilbidea goranzkoa izan da harrezkero. Informazio Sistemetan ingeniaria formazioz, enpresa munduan ibili eta gero heldu zion proiektuari.
Urtearen erdia gaindituta, zein balorazio egingo zenuke 2017ari dagokionez?

Urtea oso ondo hasi da guretzat. Lehen sei hilabeteetan ekitaldi mordoa eduki dugu. Baina garrantzitsuena da horietako asko berriak izan direla. Badirudi, gainera, horietako asko geratzeko iritsi direla, lehen edizioak onak izan baitira. Pozik esan dezaket lehen sei hilabeteak positiboak izan direla Ficobarentzat.

Erakustazoka goiburua darama Ficobak, baina hori baino gehiago da.

Mugaz gaindiko proiektua den aldetik, muga hori ahal den neurrian desagertu araztea da helburu nagusia. Iparraldeko eta Hegoaldeko euskal herritarrek ekitaldiak antolatzeko eta elkar ezagutzeko leku aproposa dute hemen. Xede europar bat dauka, nolabait esateko.

Jarduerak dibertsifikatzeko hautua egin du Ficobak azken urteotan. Zergatik?

Dibertsifikazioa garrantzitsua da sektore guztietan, dependentzia handirik ez edukitzeko. Azokak dauzkagu pabiloietan, baina aretoetan eta auditorioan ere beste motatako ekitaldiak edukitzen ditugu. Oreka mantentzen ahalegintzen gara, jarduera baten galerak Ficobaren jardun osoan eragina izan ez dezan.

Erakustazoken sektorean, krisiak gogor jo du. Nola eraman du Ficobak?

Azokaren sektorearen inguruko analisia egin genuen. Iruditu zitzaigun krisia aukera izan zitekeela Ficobarentzat. Estatuko erakustazoka txikiena gara. Krisiarekin, azokak txikitu egin dira, eta beste erakustazokei gertatu zaie espazioa soberan dutela. Gurean ez da hori gertatzen, eta horrek Ficoba errentagarri egin du. Sektorean kokatzeko eta antolatzaile berriak erakartzeko aukera izan da, beraz, krisia. Azken finean, beste lekuetan ekitaldiak antolatzea askoz garestiagoa delako.

Kursaala, BEC edo Bordeleko erakustazoka gertu daude. Konpetentzia dira, edo zein harreman duzue haiekin?

Gipuzkoako pabiloia da Ficoba. Zabalera handiko lekua behar duten ekitaldiak hartzen diru, Kursaalak ez bezala. Barakaldon BEC daukagu, Iruñean Refena, eta Halle d’Iraty Biarritzen. Bakoitzak bere bidea bilatzen du. Edonola ere, instalazioak ez dira dena. Lan talde profesionala eta sendoa behar da, urteetan zehar lortutako esperientzia duena. Alde horretatik, oso ondo kokatuta gaude. Bestalde, topoa oso gertu dugu, tren geltokiak ere bai, autopista bertatik pasatzen da… Oso leku estrategikoa da. Horrek eragina du, azkenean.

Ekonomia arloan urterik zailenak gaindituta, zein da, gaur egun, Ficobaren osasuna?

Egia da eraikina ordainduta dagoela, ez dagoela zorrik. Hala ere, Ficobak udalaren laguntza behar du, mantenua ordaintzeko. Urtero behar dituen diru-laguntzak gero eta gutxiago dira, eta bide horretatik jarraitu beharra dago. Erronka da, hiruzpalau urtetan, finantziazio mendekotasunik ez edukitzea. Dena den, hor eztabaida dago. Izan ere, diru-laguntza publikoak jasotzearen truke, Ficobak ekitaldi sozialagoak hartu behar baldin baditu, beharbada merezi dezake.

Zein eragin du Ficobak hirian eta eskualdean?

Eragin soziala handia da. Gazte asko Gabonetako Haur Parkera etorri ziren txikitan, gaur egun 25 urte dituzte, eta Bioterra azokara etortzen dira, esate baterako. Haien bizitza osoan zehar etorri izan dira Ficobara, ekitaldi ezberdinetara. Badakite beti izaten dela aktibitatea Ficoban, batzuetan interesgarriagoa, haientzat, beste batzuetan gutxiago.

Irun Rock-ek Ficoba utzi eta hirira bueltatzeko hautua egin du. Betti Gottirren Herri Bazkariak ere aldarrikapen hori egin du. Nola interpretatuko zenituzke deslotura horiek?

Deslotura naturalak dira. Guk oso gertuko harremana dugu Betti Gottirekin, saiatzen gara ahal dugun guztian laguntzen, ekitaldien munduko ikuspegi profesionalarekin. Baina haiek dira bazkaria non antolatu erabaki behar dutenak. Nik hogei urte edukiko banitu, nahiago nuke Moskuko enparantzan bazkaldu. Gaur egun, segurtasun aldetik bete behar diren neurriak kontuan hartuta, Ficoba moduko azpiegitura bat hautatuko nuke. Ez dakit, ni ez naiz nor bazkaria non egin behar duten esateko. Baina aldarrikapen hori ulertzen dut, oso ondo gainera.

Lehen urteetan kritikak jaso zituen proiektuak.

Proiektu berrien inguruan beti egoten dira eztabaidak. Batzuk alde egoten dira, beste batzuk kontra. Hala ere, kontrakoa dirudien arren, proiektu hau nahiko txikia da, eta hartu beharreko arriskua ez zen handia. Poliki-poliki aurrera atera da. Orain jarraipena eman behar zaio, eta hori da gure lana.

Denborarekin pertzepzioa aldatu da?

Hori agerikoa da, batez ere ikusita zenbat jende etortzen den gure ekitaldietara. Uste dut Ficobaren balioa onartuta dagoela jada.

Atalak: Informazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude