Ekaineko lehen asteburuan helduko da Bioterra

Baskegur baso eta zur sektoreko elkarte profesionala izango da berritasun nagusia

Hamalaugarren edizioa beteko du aurten Bioterra produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien, eta kontsumo arduratsuaren azokak. Ekainaren 2tik 4ra izango da, Ficoba erakustazokan, Ficobak berak antolatuta. “Hiru pabiloiak erakusketariz beteko ditugu aurten ere”, azpimarratu du Monica Alday azokako zuzendariak. 190 erakusketari baino gehiago hartuko ditu Bioterrak.

Gero eta handiagoa da Bioterrako bisitarien kopurua, eta gero eta zabalagoa eta heterogeneoagoa haien profila. Iaz antolatzaileek azaldu zuten ez dutela tamainari dagokionez handitzeko aukerarik. Horregatik, eskaintzaren kalitatea urtez-urte hobetzeko ahaleginetan dabil Bioterra. Aurten, Baskegur Euskadiko baso eta zur sektorea ordezkatzen duen elkarte profesionala izango da berritasun nagusia.

Pisu handiko sektorea da egurrarena EAEn, 13.000 lanposturen sortzaile zuzena izan baita. Zeharka, beste 7.000 lanposturen eragilea da. Iaz, 309 milioi euroko diru-sarrerak eragin zituen administrazio publikoarentzat. Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendariak azpimarratu du Euskadi “forestala” dela: “Gure lurraren %54 basoa da. Europa mailan erratio altuenetakoa da hori”.

Ekosistema zaintzeko ardura du

Ekoizpen jarduera zuzentzeaz gainera, baso-ekosistema zaintzeko ardura ere badu Baskegurrek: “Egurraren munduan beti egon izan dira gaizki ulertuak, eta gezurrak ere bai”, adierazi du Azkaratek: “Zuhaitzak mozten dira, baina are gehiago landatu. Gainera, egurra kontsumitzea, askoz jasangarriagoa da, beste lehengai batzuekin alderatuta”.

Geobat gunean egongo da Baskegur, geobiologia, bioeraikuntza, energia berriztagarriak eta kudeaketa ekologikoa bilduko dituen pabiloian. Beste bi gune egongo dira. Bioterra munduan, nekazaritza, ehungintza eta kosmetikarekin lotutako erakusketariak eta jarduerak egongo dira. Naturall Mundua, osasunari eta ongizateari eskainiko diote. 11.400 bisitari izan zituen iaz Bioterrak, eta aurten kopuru hori gainditzeko helburua dute antolatzaileek.

Atalak: Informazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude