Behobia-Donostia helburu

Onddoak bezala, korrikalariak ere biderkatzen dira udazkenean. Nabari da Behobia-Donostia gainean dagoela. Fortuna Kirol Elkarteak antolatzen duen lasterketa jendetsuaren eragina agerikoa da Irungo kaleetan. Korrikalari batzuk bakarka irteten dira. Gehienak, berriz, taldeka. Bidasoa Atletiko Taldean, entrenamendu multzoak sortu zituzten duela lau urte, korrikalari popularrentzat. Behobia-onostia prestatzen ari dira gehienak asteotan.

behobia

Atletismo federatua da Super Amara Bidasoa Atletiko Taldearen oinarri. Ehunka haur eta gazte biltzen ditu krosaren, eta batez ere, pistako atletismoaren inguruan. Hala ere, ez dio atletismo popularrari bizkarra ematen. Urteak daramatza herri lasterketak antolatzen. Gainera, popularrei zuzendutako entrenamendu taldeak sortu zituen duela lau urte. “Korrikalari popularrek gurekin entrenatu nahi zuten, baina federatu gabe. Horregatik sortu genituen talde hauek, taldean entrenatzeko aukera izan zezaten, entrenatzaile baten gidari-tzapean”, adierazi du Ibon Muñozek. BATeko kirol zuzendari izateaz gainera, entrenamendu taldeetako bat gidatzen du.
Gorka Yubero duela urte bete hasi zen korrika, aurretik futbolean ibili ondoren. Lagunekin entrenatzen zuen batzuetan, eta bakarka besteetan. Duela hiru hilabete, BATeko entrenamendu taldean hasi zen, lagun baten gomendioz. Taldean entrenatzea atseginagoa dela baieztatu du Yuberok: “Esfortzu handiagoa egiten duzu. Gehiago estutzen duzu gorputza. Gainera, giro polita dago”. Entrenatzailearen laguntza funtsezkoa dela azpimarratu du Yuberok. Bakarka, beti entrenamendu berberak egiten zituela gogoratu du: “Ezjakintasunak lesioak eragin ditzake. Edo bestela, ahalegin handia egin arren, ez dituzu markak hobetzen. Horrek frustrazio handia sortzen du”.
Iraupeneko entrenamenduak egiteaz gainera, gimnasioa, erritmo aldaketak edo serieak ere lantzen dituzte. “Korrikalari bakoitzaren helburuen araberako entrenamendu planak prestatzen ditugu”, aipatu du Ibon Muñozek. Dena den, badaude korrikalari batzuk, hobekuntzarik bilatzen ez dutenak. Taldean korrika egin nahi dute, besterik gabe, bakarka aspertu egiten direlako. Edonola ere, alde sozialak denentzat garrantzia handia duela nabarmendu du Muñozek: “Bi-hiru hilabetean behin afariak edo bazkariak egiten ditugu, eta lasterketetan elkarri animatzen diogu”.
Prestaketa eta gomendioak
BATeko entrenamendu taldean hasi zenean, Behobia-Donostian 1:30etik jaistea zuen Gorka Yuberok helburu. Betetzeko gai izango dela uste du. Beldur pixka bat ematen dio, hala ere, ibilbidearen gogortasunak. Lehen aldiz ariko da lasterketan. “Mundu guztiak esaten du giro handia dagoela, ibilbide osoan zehar jendeak anima-tzen duela”, aipatu du Yuberok. Berarekin entrenatzen duten beste gizon-emakume asko ere Behobian irtengo dira. Azaroaren 8an izango da lasterketa. Errotutako proba dela onartu du Ibon Muñozek: “Badirudi Behobian parte hartzen ez duenak ez duela korrika egiten, edo ez dela ona”.
Badago masifikazioaren ondorioz Behobia alde batera utzi duenik. Aitzitik, Muñozek uste du antolatzaileek ondo zaintzen dutela korrikalaria: “Irteerak multzoka antolatu dituztenetik, hobera egin du. Bestalde, dortsalaren prezioa garestia da, baina zerbitzu asko eskaintzen dituzte”. Uztailan hasi dira Behobia-Donostia prestatzen. Ibilbide luzeak egin dituzte hasieran, gimnasioko lana eta erritmo aldaketak sartu dituzte ondoren, eta serieak azkenik. Azken asteetan, sasoia mantentzeko lanean ari dira. “Etxeko lanak eginda daude”, gogoratu du Muñozek.
Behobiaren aurreko ostiralean lan saio arin bat egiteko gomendatu du entrena-tzaileak. Eta larunbatean, lasai-lasai egoteko, entrenamenduaren parte baita atsedena. Lasterketaren aurreko otorduei buruz ere jarraibideak eman ditu Muñozek: “Afarian karbohidratoak jatea komeni da, hori baita hurrengo egunean gorpu-tzak erabiliko duen elikagaia. Gosariak arina behar du izan”. Gorka Yuberok argi dauka lasterketari nola egingo dion aurre: “Erritmo eramangarrian hasiko naiz, eta lasterketaren erditik aurrera ikusiko dut estutu dezakedan edo ez. Miracruzek min handia egiten duela esan didate”. Yuberok badaki helburua betetzeko sufritu beharko duela. Baina lasterketaren amaierako sentipenak merezi duela uste du: “Lasterketa bat amaitzeak, helburua betetzeak, zeharo asebetetzen nau”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude