ANA AZURMENDI, Oskarbi liburu dendako arduraduna: “Oso harreman estua izan dut bezeroekin”

Frankizia eta multinazionalen esku geratzen ari da liburuen salmenta. Gero eta kontzentratuago, gero eta estandarizatuago. Liburu denda txikiek, independenteek eta pertsonalizatuek nekez eusten diote kulturak bizi duen garai aldrebesari. Colon Ibilbideko Oskarbi dendak urteak egin ditu kolokan, baina erori egin da azkenean. “Oso mingarria izan da niretzat”, aitortu du Ana Azurmendi jabeak. Hogeita hamar urte baino gehiago eman ditu proiektuan murgilduta. Jende askok gogoratuko ez badu ere, San Juan plazan, Prudencia Arbide kalean egon baitzen Oskarbi liburu denda, 90eko hamarkadara arte.
Nolatan ausartu zinen liburu denda irekitzera?

Oso independentea izan naiz beti, eta 20 urterekin, negozioa irekitzea proposatu zidan amak. Lokal handi bat genuen, San Juan plazan. Nik argi neukan, izatekotan, liburu denda irekiko nuela. Horrela hasi nintzen, ia kasualitatez. Lokala erraldoia zen, eta liburuak zabalik jarri behar izaten nituen apaletan, bestela ez nituelako betetzen.

Zure kabuz trebatu zinen, beraz, liburuen salmentan?

Beranduago egin nuen ikastaroren bat, baina hasieran ez nuen ideiarik. Liburuekiko maitasuna izan zen nire abiapuntua. Hasieran oso gutxi saltzen nuen, eta lan osagarriak egin behar izaten nituen asteburuetan. Baina denbora asko ematen nuen liburu dendan, eta denetarik irakurtzen hasi nintzen: maitasun eleberriak, fantasiazkoak, komikiak…

“Niretzat, bezero izan da liburu bat erosi, eta beste baten bila bueltatu dena”
Bazenekien, beraz, bezeroei zer aholkatu.

Niretzat, bezero izan da noizbait liburu bat erosi, eta beste baten bila etorri dena. Hori lortzeko, oso zintzoa izan beharra dago. Zuk jakin behar duzu, gustuko ez duzun liburu bat, bezeroari gustatuko zaiola. Ez da erraza izaten. Esate baterako, Dolores Redondoren Baztango Trilogia ez zitzaidan gustatu. Eta bizitzan gehien saldu ditudan liburuak dira.

Gertutasuna izan da Oskarbiren ezaugarri nagusi?

Hori da, lanaren pertsonalizazioa izan da gakoa. Oso harreman estua izan dut bezeroekin. Bezeroen seme-alabak zein eskolatara joaten ziren nekien, zein mailatan zeuden, zein ikasgai nahiago zuten etab. Oparitzeko liburuak erostera etortzen zirenean, banekien norentzat izango ziren, zein gustu zuen pertsona horrek etab.

Zergatik erabaki zenuen Colon Ibilbidera lekualdatzea?

Lokala salgai zegoela ikusi nuen, eta kantoi hori aztertzen aritu nintzen, denbora batez. Zur eta lur geratu nintzen, bertatik pasatzen zen jendearen kopuruarekin. San Juan plazarekin alderatuta, New York zirudien. Gero konturatu nintzen Colonen egoteak zer nolako ikusgarritasuna ematen duen. Orduan hasi nintzen ikastetxeekin harremanak estutzen, adibidez.

Testuliburuekin izan zenuen arrakasta gehien?

Haiekin iritsi ziren Oskarbiren garairik onenak. Ematen zizkiguten irabaziek ahalbidetzen ziguten gainerako sekzioen kalitateari eustea. Baina gainbehera ere, testuliburuen ondorioz iritsi zen; haien salmentaren beherakadarekin. Bidegabeko konpetentziak izan genituen, eta orduan hasi ziren galerak.

Elkarrek listoia altu jarri digu, eta ez digu erlaxatzen utzi”
Errepidearen beste aldean zenuten Elkar liburu dendaz ari zara?

Inola ere ez. Konpetentzia zoragarria izan da Elkarrena, berriro aukeratuko nuke. Oso harreman ona dut haiekin, eta elkarlanean aritu izan gara askotan. Guretzat positiboa izan da, Elkarrek listoia altu jarri digulako, eta ez digulako erlaxatzen utzi. Gainera, bata bestearen parean egoteak liburu gune bat sortu zuen, eta jendea mugitzen zen, alde batetik bestera.

Zein beste arrazoi egon da itxieraren atzean?

Ez dut uste teknologia berriek salmenten beherakadan eragina izan dutenik. Liburu elektronikoek lortu dutena da lehen sekula irakurtzen ez zuen jendeak, orain zer edo zer irakurtzea. Beharbada, lehen baino irakurle gehiago daude orain. Amazonen moduko plataformen eragina ere, oso berantiarra izan da.

Esango nuke sakonagoa dela kulturaren arazoa. Agintariek ez dute harekiko inolako begirunerik. Nik ez dut esango erakundeek liburu dendei laguntza ekonomikoa eman behar dietenik. Baina autoen enpresekin egiten dute, eta banketxeekin, zer esanik ez. Kontua da, gobernu batek herritarrak irakurri gabe mantentzen dituenean, doktrinatuta dauzkala. Irakurleak izpiritu kritikoa garatzen du. Are gehiago esango nuke, irakurtzeak zoriontsuago egiten du pertsona.

Mezenas lana egin duzu bertako idazle askorekin. Haiekin harremanetan jarraituko duzu?

Modu natural batean egin dut dena: argitaletxeekin harremanetan jarri ditut, liburuak dendan saldu dizkiet, erakusleihoan jarri ditut… Liburu denda txikiak, independenteak soilik egin dezake hori. Gainera, idazle horiek, Oskarbiren bidez ezagutu dute elkar, eta giro polita sortu da haien artean. Oso eskertuta nago haiekin, eta niretzat ohorea da Oskarbi Kultur Elkarteak, eta argitaratu berri duen Oskarbi 21 kontakizunen liburuak, liburu dendaren izena edukitzea. Haiei ahalik ere gehien laguntzen jarraituko dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude